PA317164Prentsaurrekoa ospatu dute gaur Milagrosa ikastetxean gaztetxearen inguruan hartu diren azken erabakiak ezagutzera emateko. Igor Eguren alkatea izan da udalaren ordezkari eta Luken Mendiguren eta Irati Otamendi, aldiz, Ordiziako Gazte Asanbladarena. Orain arte Filipinas kalean zegoen gaztetxea ixtearen arrazoiak eta jarraitutako prozedura azaldu dituzte.

Ekainaren bukaeran OGAk hitzordua eskatu zuen udaleko arduradun eta teknikariekin eraikinaren egoerarekin arduratuta. Pare bat bisita egin ostean, arazoa benetako izan zitekeela ohartu ziren. Hori horrela, bai udalak baita OGAK ere erabaki bat hartu zuten. Lehenak, teknikariei egoeraren gaineko azterketa bat egitea eskatu zien. Eta bigarrenak, aldiz, uztailean hastear zeuden herriko festetan gaztetxearen erabilera mugatzea. Kontzertuak sotoan eskaini ziren; lehen eta bigarren solairua itxita egon zirela.

Teknikariek erabiltzaileentzat arriskua egon zitekeela ondorioztatu zuten. Emaitza horiei so eginez, abuztuaren 10ean, gaztetxea behin betiko ixteko erabakia hartu zuten Udalak eta OGAk. Ordutik, irtenbide egokiaren bila elkarlanean aritu dira. Bi parteentzat garrantzia handia duen proiektua baita. Udalari gaztetxea gazteentzako alternatibak sortzeko eta garatzeko espazioa dela iruditzen zaio.

OGArentzat, bestalde, herriari bizia eman diote, gazteak antolatu eta beraien kabuz lan egiteko gai direla erakutsiz. Gainera, ekintza alternatiboak antolatu dituzte; dokumental eta pelikula emanaldiak, tailerrak, jolasak, bazkari herrikoiak, kontzertuak...

Gazteriari espazio propio bat eskaintzeko ahalegin horretan, udalak bereak dituen eraikinen artean Milagrosa ikastetxea egokiena dela uste du. Guztien artean hilzorian dagoen espazio horri bizia emateko aukera izan daitekeela pentsatuz. Ilusioz beterik daude gaztetxe berria MIlagrosan irekitzeak suposatzen duen erronka berriarekin. Horregatik, herritar guztiak gonbidatzen dituzte bertan euren hazia eraitera edo ekintzak antolatzera.

Udaletxeak bere partetik, eskerrak eman dizkio Urrup antzerki taldeari, Amets Bide dantza taldeari, Hitzaro elkarteari eta Goierriko Bertso Eskolari. Nahiz eta lanerako egoera deserosoan aritu, beharra sortu denean laguntza besterik ez dutelako agertu.

docPrentsaurrekoa