168 5fa21cd9e0d2531a2f1dfdffbab46f70 s

Ordiziako Udalak bi urterako esleitu berri dio gaztelekuaren kudeaketa Horbel kooperatibari

Lukusain plazan dagoen Ordiziako Gaztelekuak larunbat honetan, hilak 9, ekingo dio ikasturte berriari. Hasiera modura, irekiera festa egingo da larunbatean 18:30ean, eta igandean futbolin eta ping-pong lehiaketa jokatuko da. Gaztelekuak ordutegi berria izango du 2013-2014 ikasturtean: larunbatetan (17:00-21:00) eta igandeetan (16:30-20:30).

Ordiziako Udalak bi urterako (urritik ekainera) esleitu berri dio gaztelekuaren kudeaketa Horbel kooperatibari. Kontratua beste bi urte gehiago luzatu daiteke. Proiektuaren barruan, 12-15 eta 16-17 urteen arteko nerabeentzat aisialdi eskaintza bereziak antolatzea dago.

Helburuak
Helburuen artean, nerabeen parte hartzea eta autonomia sustatzea daude. Horrez gain, nerabeek gaztelekua bere sentitzea nahi dute arduradunek, gaztelekuari identitate propioa ematea. Horretarako, gaztelekuaren logotipo lehiaketa martxan jarriko da eta lokalaren eraldaketa (espazioen banaketa, muralak...) aurrera eramateko prozesua ere egingo da.