hitzarmenaEuskararen normalizaziorantz aurrera pausoa

Euskararen normalizazioa lortzeko bidean beste urrats bat egin du Ordiziako Udalak Goiztiri AEK euskaltegiarekin eta Hitzaro Euskara Elkartearekin hitzarmen bana sinatuta. Ekainaren 14an Nekane Munduate AEKren ordezkariarekin sinatu zuen hitzarmena Igor Eguren alkateak, eta joan den astean, ekainaren 28an, Jose Luis Gonzalez Hitzaroko lehendakariarekin.

Goiztiri AEKk egiten duen lana aitortzeko, eta euskalduntze eta alfabetatze lanekin jarrai dezan sustatzeko sinatu du hitzarmena udalak AEKrekin. Udalak diruz laguntzen dituen egitasmoak honakoak dira: diru-laguntza irakaskuntza jarduerarako, didaktika zerbitzu eta antolaketarako, auto-ikaskuntza sistemak sortzen dituen hainbat gastutarako, txiste eta pasadizo idatzien lehiaketarako, eta ekintza osagarrietarako (aurten, besteak beste, ekintza osagarri hauek antolatu ditu AEK Goiztiri euskaltegiak: tupper-sex saioa, henna ikastaroa, postre ikastaroa eta toponimia ezagutzeko saioa). Ekintza osagarri hauek klasean ikasitakoa praktikan jartzeko saioak dira, irekiak izan ohi dira, eta edozein herritarrek har dezake parte.

Hitzaro, berriz, hausnarketa eta berrantolaketa prozesua batean murgilduta dago, baina hala ere, ekintza eta egitasmo batzuei eutsiko die. Horiek aurrera eramateko sinatu dute hitzarmena bi aldeek. Hitzarmenean ondorengo ekintzak sartzen dira: batez ere gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea helburu duten ikastaroak, Ikusi makusi egitasmoa (haurrentzako emanaldiak), Irakurri, gozatu eta oparitu irakurzaletasuna bultzatzeko egitasmoa, Mintzalagun egitasmoa (euskaraz dakitenak eta ikastean ari direnak elkartzen dituen programa) eta Plan Plin Plan aste santuko euskarazko aisialdi egitasmoa. Horrez gain, udalak, Hitzaroren azpiegiturak sortzen dituen hainbat gasturi aurre egiteko diru-laguntza ere ematen dio Hitzarori.