Euskara doan ikasteko aukera Ordizian
Ordiziako Udaleko Euskara Sailak hainbat dirulaguntza bideratuko ditu aurten ere. “Euskararen erabilera eta jakintza sustatzea ezinbesteko dira guretzat. Horregatik, urtero egiten dugun moduan, dirulaguntzak bideratuko ditugu euskararen erabilera bultzatzera”, zehaztu du Maitane Alvarezek, euskara zinegotziak.
HABEk homologatutako edozein euskaltegitan matrikulatuz gero, herritarrek euskara doan ikasteko aukera izango dute Udalak ematen dituen dirulaguntzei esker. Hain zuzen ere, matrikularen % 100a itzuliko zaie ordiziarrei, zenbait baldintza (asistentzia ona…) betetzen badituzte. Urteko gehienez 500 euro izango dira, eta barnetegietarako, bestalde, 650 euro.
Ordizian erroldatuta ez daudenek ere, matrikularen %85a jasotzeko aukera izango dute ikasturte amaieran, baldin eta Ordiziako Udalarekin hitzarmena sinatuta duten Ordiziako enpresetako, dendetako eta tabernetako langileak eta kirol elkarteetako entrenatzaileak badira.
Dirulaguntza hauek ikasturtea edo dagokion ikastaroa amaitu ondorengo bi asteetan eskatu behar dira.
Euskaltegiako matrikula, 24ra arte zabalik
“Ordiziako AEK Euskaltegiko 2021/22 ikasturteko matrikulazioa zabalik dago irailaren 24ra arte”, adierazi du Irati Aldazek, euskaltegiko koordinatzaileak. Maila guztiak eskaintzen dira modalitate eta ordutegi aukera zabalarekin: A1,A2,B1,B2,C1 eta C2 mailetako ikastaroak egin daitezke aurrez aurre, autoikaskuntza edo online.
Aurrez aurreko klaseetan klase arruntak daude, baina xede bereziko taldeak ere bai: jubilatu taldea, atzerritarrentzako harrera ikastaroa, gazte taldea eta guraso taldea, esaterako. Xede bereziko talde hauen matrikularen kostua Udalak bere gain hartzen du ikasturte hasieran (guraso taldearen kasuan, matrikularen %85a).
Beraz, lehen aipatu bezala, Ordiziako Udalak %80ko asistentzia izanez gero, matrikula kostuaren %100 itzultzen du ikasturte amaieran; hau da, euskara ikastaroa doan aterako litzateke. Autoikaskuntza eta online bidezko ikastaroak ere diruz lagunduta daude. Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi izanez gero pasa euskaltegitik: 10:00-13:00/ 17:00-19:00 bitarte edo deitu 943 88 91 74 telefono zenbakira.