Eskaerak aurkezteko epea ostegunean zabaltzen da, ekainaren 25ean eta uztailean 9an amaitzen da.

Ordiziako Udalak 2019-2020 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrei matrikula osoa, %100a, itzuliko die dirulaguntzen bidez baldintzak betetzen badituzte.

Ordizian azken urte hauetan euskararen erabilerak gora egin du. Soziolinguistika Klusterrak egin zuen kale erabileraren neurketan oinarrituta, 2011-2017 epealdian bost puntu igo zen euskararen kale erabilera: %38,6tik %43,7ra. Aldiz, euskararen ezagutza hazten ari bada ere, oso erritmo apalean doa goraka (Eustaten arabera 2011n Ordizian euskaldunak %57,2 ziren eta 2016an %60,75).

Datu hauek kontuan izanda, Udalarentzat ezinbestekoa da ikasi nahi duten herritarrei laguntza ematea eta horretarako beharrezkoak dituzten baliabideak eskaintzea. Hori dela eta, aurten, Ordizian erroldatutakoei euskaltegiko matrikularen %100a itzultzea erabaki du Udalak. Orain arte, Udalak dirulaguntza mota desberdinak izan ditu; diru-sarrera mugatuak zituztenei, langabetuei, ikasleei, gurasoei eta lanean ari zirenei, multzo horietan banatuta. Aurten, lehen aldiz, Ordiziako edozein herritarrek (oinarrietan jasotako baldintzak betetzen baditu) matrikularen %100 jasotzeko aukera izango du, beti ere urteko 500 €ko langa gainditzen ez badu.

Bestalde, herritarrez gain, Ordiziako Udalarekin euskara sustatzeko hitzarmena duten denda, establezimendu eta enpresetako langileek eta Ordiziako kirol elkarteetako entrenatzaileek ere izango dute urtero bezala euskara ikasteagatik dirulaguntza eskatzeko aukera. Kasu honetan ere, dirulaguntza areagotu egin da eta matrikularen %85a jaso ahal izango dute, baldintzak betetzen badituzte.

Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 25ean hasiko da eta uztailaren 9an amaituko da. Dirulaguntzei buruzko informazioa www.ordizia-euskaraz.eus orrialdean dago eta eskaerak arreta bulegoan aurkeztu behar dira goizeko 9:00etatik 13:00etara, edo telematikoki www.ordizia.eus webgunearen bidez.

Horrez gain deialdi honetan ere Ordiziako Udalaren euskara sailaren ondorengo dirulaguntzak argitaratu dira:

-Udako euskarazko ikastaroetara joateko dirulaguntzak (UEU, EHU, Hik hasi…)

-Merkataritza, ostalaritza eta enpresa alorrean euskarazko errotuluak, irudi korporatiboa eta webguneak euskaraz jartzeko eta udalerriko elkarteek webguneak euskaraz jartzeko dirulaguntzak.

-Aisialdiko begirale eta zuzendari ikastaroa egiteko herritarrentzako dirulaguntzak eta kirol arloko hezitzaileei berariazko prestakuntza euskaraz jasotzeko dirulaguntzak.

-Udalerriko kirol elkarteentzako dirulaguntzak euskarazko formazioa emateagatik.

Gipuzkoako Boletin Ofizialean dago informazio osoa: https://egoitza.gipuzkoa.eus/gao-bog/castell/bog/2020/06/22/c2002805.pdf