Herriko gazteek euskararen erabileraren berri eman eta etorkizunerako proposamenak egin dituzte

Azken kale-neurketaren arabera, euskararen erabilerak gora egin du Ordizian, eta etorkizunean ere gora egiten jarraitzeko, beharrezkoa izango da euskara erabiltzeko eremuak zabaltzea eta indartzea. Eremu horietako bat, hain zuzen ere, Ordiziako asteroko Azoka da, Ordiziaren ikur eta bereizgarri nagusietako bat, herriari bizitasuna eta arnasa ematen diona; euskararen erabilerari dagokionez, askok jotzen dute Ordiziako azoka euskararen arnasgunetzat, alegia, euskara nagusi den eremutzat.

Hori horrela den jakiteko eta etorkizunean ere izateko, Ordiziako Udalak asteroko Azokako euskararen erabileraren diagnosia egitea erabaki zuen Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, baina eginkizun horretan bereziki inplikatu nahi izan zituzten herriko gazteak; izan ere, gazteak izango dira etorkizuneko helduak, Azoka bizirik mantenduko dutenak. Horrela, proiektuan parte hartzeko gonbita egin zieten Jakintza ikastolako eta Oianguren Institutuko irakasleei eta ikasleei.

Elkarlan horren emaitzen berri emateko elkartu dira ostiral honetan Plaza Nagusian ikastetxeetako gazteak eta aipatutako eragileak.

Hausnarketa, trebakuntza, neurketa, ondorioak, proposamenak..

Proiektu honetan, lehenengo, gazteekin Azokaz eta euskararen egoeraz hausnartu zuten, baita trebakuntza jaso ere: euskararen bilakaera eta egoera, zer den arnasgune bat, euskarak arnasguneak izatearen garrantzia, hizkuntza-ekologia, hizkuntza gutxitua eta hegemonikoa, hizkuntzak indartzeko aukerak…; gero, gazteek euskararen erabilera neurtu zuten Azokan eta inguruetan; azkenik, ondorioak atera eta proposamen zehatzak egin zituzten etorkizunean Azokan euskara indartzeko.

Gazteek egindako neurketaren arabera, Azokan euskara da nagusi, erdiguneko azokarien 4tik 3k euskaraz dakitelako eta euskaraz hitz egin ohi dutelako gehienek. Halere, gaztelaniak ere presentzia eta erabilera handia dauka; izan ere, neurtutako elkarrizketetatik, hamarretik lau euskaraz izan ziren eta sei gaztelaniaz; hizkuntza-paisaiari erreparatuta, berriz, oro har kartel gutxi daude, baina horietatik, denetarik dago: euskara hutsean, ele bietan, gaztelania hutsean… Beraz, euskararen erabilera eta presentzia ez da berez espero zitekeena bezain handia.

Azoka, berez, salerosketarako gunea da, baina beste funtzio garrantzitsu batzuk ere betetzen ditu, eta horietako bat da harremanetarako eta sozializatzeko gunea izatea. Gainera, ordiziarron nortasunarekin oso lotuta dago eta harro aldarrikatzen ditugu Azokaren berezitasunak. Ezaugarri berezi horietako bat, hain zuzen ere, euskara da, eta Azokara etortzen denak euskara entzutea espero du, badaki euskaraz eskatu ahal izango duela eta Azoka inguru euskalduntzat jotzen du; ez da harritzekoa, Goierri bera euskararen etxea eta Azoka goierritarren bilgune izanik, eta horregatik euskara bera arnasteko aukera dago azoka honetan. Azokari gehienak euskaldunak dira, baita erostera datozenak ere, eta asteazkeneroko harreman hori euskaraz izateko oso baldintza egokiak daude; euskararen presentzia eta erabilera bermatuz gero, erosle askori gertutasuna, lasaitasuna, konfiantza… erakusteko bidea zabaltzen zaie.

Neurketak erakutsi du Azokan euskaraz egiteko oso aukera onak daudela eta gehiago ere erabil daitekeela, eta horretan lagun dezaketela guztiek (azokariek, erosleek eta bisitariek), etorkizunean Azoka benetako arnasgune izateko. Hain zuzen ere, gazteek proposamen zehatzak egin dizkiete Azokan parte hartzen dutenei eta eragileei.

 

UDALARI

·         Eguna eta ordua aldatzeko/zabaltzeko aukeraaztertzea (beste erosle batzuengana ere iristeko).

·         Azokarieilaguntza eta erraztasunak eskaintzea, etortzen jarrai dezaten.

·         Azokarako material lagungarriaatera (bisitarientzat gida, Azoka euskararen arnasgunea dela akordarazteko kartelak, irudiak edo materiala…).

·         Euskara Azokaren erdigunean jartzeapropio, ezaugarri nagusitzat jotzea, nabarmentzea, zaintzea eta bultzatzea.

·         Hizkuntza-irizpide, -betebehar edo -gomendio batzuk ezarri eta betearaztea.

·         Ikuskapenak edo neurketak egitea.

AZOKARIEI

·         Harrera aktiboaegitea, aurrea hartzea bezeroari eta lehen hitza edo agurra beti euskaraz egitea.

·         Euskarazko kartelakipintzea postuetan: izena, nongoa, produktuak, prezioak…

·         Euskaraz ez dakiten azokariek euskarazko ikastaro berezi batzuk hartzea.

·         Produktu berriakjartzea salgai, erakargarriagoa izateko, batez ere bezero berrientzat.

·         Ohiko eskaintza beste bide batzuetatik osatzea: erosketak Internet bidez

EROSLEEI

·         Jarrera aktiboa eta euskaraz eskatzea.

·         Azokan euskara beldurrik gabe erabiltzea, eta euskaraz egin, lehen hitza beti.

·         Erosketak ohiko postuetan egiteaz gain, postu berrietan ere probatzea, eta horietan beti lehen hitza eskaraz egitea.

BISITARIEI

·         Etorri lasai, baina bertako tradizioak errespetatuz, euskararen arnasgunea izatea nahi dugula jakitun.

·         Ohartarazi Azokaren berezitasun nagusietako bat euskara dela, eta eskatu euskaraz egiten ahalegintzeko (askorentzat aukera ere izan daiteke).

·         Azoka bizirik dago saldu eta erosten delako;ikusteaz eta gozatzeaz gain, erosi zerbait, kontsumitu.