2009tik gora egin du aitorpena euskaraz egiten duen herritarren portzentajeak

Lazkao, Beasain eta Ordiziako Udalek EGIZU EUSKARAZ! kanpaina jarri dugu martxan. 2009az geroztik urtero egiten dugu kanpaina, euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin.

Kanpainan, esku-orriak banatu dira etxez etxe eta herriko toki jakin batzuetan ere utziko dira, edonoren eskura. Horrekin batera, Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira, eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei Leire Artola eta Joxi Iturrioz, Beasain eta Ordiziako zinegotziek.

Kanpainaren helburua

Helburua da hastear den errentaren aitorpenaren kanpainan, iaz baino herritar gehiagok egitea deklarazioa euskaraz.

Honakoak dira euskaraz egindako aitorpenen portzentajeak  urtez urte:

Urtea

Beasain

Ordizia

Lazkao

2009

8,37

8,29

15,52

2010

9,77

11,79

16,55

2011

11,42

13,49

19,24

2012

13,50

14,89

22,15

2013

14,44

16,73

23,76

2014

15,60

17,10

25,61

2015

17,49

18,19

27,01

2016

17,87

18,54

27,88

2017

18,72

19,71

27,47

 

Errenta aitorpena ere euskaraz

2018 urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 1ean amaituko da, baina apirilaren 8tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onar daitezke. Errenta aitorpen mekanizatua edo internet bidezkoa egin nahi baduzu, apirilaren 15etik aurrera egin ahal izango duzu (horretarako hitzordua apirilaren 12tik aurrera eska daiteke).

Hiru bide daude aitorpena egiteko:

  1. Autolikidazio proposamena
  2. Mekanizatua
  3. Internet bidezkoa

Aukeratutako bidea edozein dela era,  ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi duzula esan besterik ez duzu egin behar. Nola?

Autolikidazio proposamena

Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dituzu, eta, onartzeko garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dizute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.

Mekanizatua

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan, esan Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.  Horrez gain, aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.

Internet bidezkoa

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.

Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Beraz, egizu euskararen aldeko aukera.