Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?

Galderak hainbat erantzun ditu, baina hizkuntza ohiturak aldatu eta euskara gehiago erabiltzeko ariketa pertsonal bat proposatzen du Euskaraldiak:

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten dugun edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz egitea. Euskararen alde egotetik egitera pasatuko gara, norberak bere ohiko harremanetan eraginez: familian, lagunartean, lanean, dendetan…

EUSKARALDIA Euskal Herri osoan burutuko da, baita Ordizian ere. Hori dela eta, Ordiziako Udalak eta Hitzaro euskara elkarteak elkarlanean informazio bilera bat antolatu dute irailaren 25ean Euskaraldiaren berri emateko, Euskal Herri mailako koordinazio orokorrak herrien esku jarritako materiala erakusteko, izen-ematearen antolaketarako herritarrak nahiz eragileak gonbidatzeko eta proposamenak jasotzeko.

Hitzordua irailaren 25ean, 18:30ean, Barrenan izango da.