Euskarazko eta doako jolas gunea prestatuko da familientzat

ZABU-ZIBU egitasmoa 2009an jarri zuen martxan Urtxintxak Pasaiako Udaleko Euskara zerbitzuarekin batera. Eta aurten ere Ordizian izango da, ekainaren 9an, 16ean, 23an eta 30an –ostegunez-, 18:00etan eta doan. Ordubeteko saioak dira. Programa honetan 3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiek hartuko dute parte. Haur guztiek bere senidea den heldu batekin joan beharko dute.  Helburuak bi dira: Familiei euskaraz jolasteko baliabideak eskaintzea eta familiak euskararen inguruan biltzeko gunea sortzea

Hala, egitasmo honetan euskaraz bizi nahiduten familiek kalean euskaraz egitea lortu nahi dugu jolasaren bidez. Hauek dira, beraz, programa honen ikur eta ezaugarri nagusienak: EUSKARA,JOLASA, , KALEA, eta FAMILIAK.

Euskara:

Azken urteetan euskararen ezagutza asko handitu da haur eta gazteen artean. Euskaldun kopuruari begira, aurrerapauso nabarmenak izan dira; dena den, euskararen erabilera ez da maila berean handitu eta kaleko hizkuntza nagusienak erdara izaten jarraitzen du zenbait lekutan. Guraso euskaldunek, sarritan, ez dute behar adina baliabide seme-alabekin kalean euskaraz jolas egiteko, haur eta gazteek ez dute bizitasuna aurkitzen euskaraz lagunartean komunikatzeko garaian eta hau nahiko txikitatik hasten den prozesua da. Gauza dibertigarriak euskararekin lotzeko ahaleginak garrantzi handia dutela maiz entzundugu. Urtxintxa Aisialdi Eskolan urteak daramatzagu euskara aisiarekin lotzekolanean eta lan horretarako tresna garrantzitsuena jolasa dugu: euskaraz jolastunahi dugu eta haurrek gurasoekin euskararekin jolastea nahi dugu. Horregatik,jarraian aurkeztuko dugun proiektu honetan Ordiziako familiek kalean euskaraz egiteko ahalegina egingo dugu jolasa tresna nagusitzat harturik.

Jolasa:

Jolasa, ekintza askea izateaz gain, ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea da, hizkuntza barneratzeko tresna, besteak beste. Alde batetik, hizkuntza formala lantzeko erabil daitekeen teknika da; baina, batez ere, hizkuntza ez formala sustatzeko da baliagarria. Hau da, euskara kalera ateratzeko modu bat da: abestiak, esamoldeak, hiztegia… Nabarmentzekoa da jolasaren bitartez hizkuntzaren erabilera ludikoa ahalbidetzen dela; horrek berebiziko garrantzia du hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Euskaraz jolas egiten ondo pasatuko dute familiek, gustura sentituko dira, eta jarduera dibertigarriekin lotuko dute euskara. Gainera, euskarak, normalizazio prozesua gauzatzeko, bizitzaren arlo guztietan presentzia behar du, baita jolasetan ere. Familiek ikusi behar dute euskara bizitzako esparru guztietan erabil dezaketela, ez dutela erdal erregistroetara jo beharrik jolasteko behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko.

Jolasak motibazioa, ezagutza eta erabilera areagotzeko balio du:

-Motibazioa: jolasean gustura sentitzen bagara, euskaraz jolas eginez hizkuntza jarduera dibertigarriarekin lotzea lortuko dugu. Gauza aspergarriak ikasteko hizkuntza baino zerbait gehiago izan daiteke. Jolasa, beraz, motibazioa areagotzeko oso tresna eraginkorra izango da.

-Ezagutza: jolasen bitartez hizkuntza ikasi eta ezagutzen da. Jolasetan abestiak, esapideak,formulak eta hiztegia, oro har, erabiltzen dira.

-Erabilera: Haurrek jolasean denbora asko pasatzen dutela kontuan hartzen badugu, erraz ohartuko gara jolasaren garrantzia zenbatekoa den. Jolasean euskara erabiltzea lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua da.

Kalea eta familia:

Haurrek beraien aisialdia modu ezberdinetara bizitzen dute: antolatua izan daiteke ( haur txokoak, ludotekak…) edo librea (etxean, kalean, lagunekin, familiarekin…) Adina izaten da ezaugarririk erabakigarriena aisialdi mota aukeratzerakoan. 3-5 urte bitarteko haurrak, aisialdi antolatuko ekintzetan parte hartzen hasten dira (haur txoko edo ludoteketan gehienbat) eta kalean jolasean aritzeko heldu baten laguntza behar izaten dute. Asko hitz egin izan da hizkuntzaren normalizazioan aisialdiak duen garrantziaz. Aisialdi antolatuko eragileek programa eta estrategia bereziak garatzen dituzte aisialdi ekipamenduetan hizkuntza helburuak lortzeko, baina aisialdi librean eragitea zailagoa izan ohi da. Esparru pertsonalagoa da. Ezin dugu etxeetara sartu eta familia aisialdian eragin, baina familiek aisialdirako erabiltzen duten esparru batean eragin dezakegu: KALEAN. 3-5 urte bitarteko haurrak helduekin egoten dira kalean: guraso, aitonamon, zaintzale… eta eguraldiak laguntzen duenean behintzat parkeetan egon ohi dira.