Ordizian erroldatuta egotea eta ikastaroa euskaraz izatea eskatzen da

Ordiziako Udalak 2016an diru-laguntza deialdi berria egingo du, 2015/16 ikasturtean bi ikastaro hauetakoren bat egiten dutenentzat: haur eta gazteen aisialdirako begirale ikastaroa edo aisialdiko zuzendari ikastaroa.

Udalak neurriak hartzen ditu euskara gizarte esparru guztietan erabil dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen presentzia handitu dadin. Aisialdiak garrantzia handia du gure gizartean eta aisialdian euskararen presentzia areagotzea erronka garrantzitsua da Udaleko Euskara Zerbitzuarentzat. Aisialdiko begirale eta zuzendariak berariaz eta era egokian prestatua egotea garrantzitsua ikusten du Udalak. Are gehiago, prestakuntza hori euskaraz jasotzea ezinbestekoa iruditzen zaio Udalari.

Horrexegatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2015-16 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikasketak egin dituzten biztanleei diru-laguntzak emateko.

150 euro gehienez

Ordizian erroldatuta egotea eskatzen da besteak beste,  ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea. Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea da beste eskakizunetako bat.

Diru-kopuruari begiratuta, matrikula kostuaren %30eko diru-laguntza emango du Udalak,  gehienez ere 150 euro. Aipatutako portzentaje hau gutxitu egin daiteke aurkezten diren eskaera kopuruaren arabera.

Diru-laguntzaren eskaera hau ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak, beranduenez urriaren 31n.

 

Informazio gehiago nahi duenak www.ordizia-euskaraz.eus  webgunera jo dezala, diru-laguntzak atalera.