Bezeroei egiteko inkesta prestatu da eta parte hartzeko deia luzatu nahi da

Ordiziako Udalak eta Elhuyar Aholkularitzak euskararen egoera eta erabilera aztertu dute Ordiziako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan. Langileen gehiengoa da euskalduna, baina erabilera asko murrizten da egunerokoan.

Merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen egoera zein den aztertzeko galdetegi bat egin zaie bisitatu diren 226 establezimenduei. Galdetegietatik jaso diren datuek emaitza gazi-gozoa eman dutela esan genezake: langile gehienek euskara badakite eta askok egunerokoan erabiltzen dute,  baina euskaldun haien artean badago gaztelaniaz hitz egiten duen franko ere.

Ondorioak aztertuta, euskara jakitetik euskaraz bizitzera bultzatu nahi dira herritarrak. Euskara sustatzeko kanpaina bat jarriko da martxan horretarako.

BEZEROEI INKESTA

Ostalaritza eta merkataritzako langileez gain, bezeroen artean ere gogoeta bultzatzeko inkesta bat utziko da Ordiziako denda, taberna eta jatetxeetan. Bezeroek inkesta bete eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute, Ordiziako jatetxeren batean bi lagunentzako afaria  lortzeko aukera izango dute, inkesta bete eta udaltzaingoan edota Barrena Kultur Etxean dauden buzoietan utziz gero.