Lau eta hamabi urte bitarteko haurrei dago zuzendua

Ekainaren 23an hasiko da aurten Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak 4 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat antolatu dituen udaleku irekiak.  Hitzarok dinamizatuko dituen udaleku ireki hauek lau aste iraungo dute, ekainaren 23tik uztailaren 20ra, eta 10:00etatik 12:30era bitarteko ordutegian ibiliko dira. Ikastetxeetako zaintza zerbitzuan edota jangelan geratzen diren haurrek ere udalekuetan parte hartzeko aukera izango dute, nahi izanez gero, udalekuetako begiraleek ikastetxeetatik jasoko baitituzte eta jangelan geratzen badira berriro hara eramango dituzte.

Matrikula arruntaren prezioa 85 eurokoa da; udalekuetan anai-arreba gehiagok izen ematen badute 75 € ordainduko du familiak bigarrenetik aurrera. Bestalde, gizarte laguntza jasotzen duten familietako haurrek 18 € ordainduko dituzte.  Plaza kopurua mugatu egin da, gehienez 130 haur ibiliko dira, eta kopuru hori gaindituz gero zozketa egingo da.

epeak

Izen emateko epea maiatzaren 13ra arte egongo da zabalik. Matrikula esku-orriak Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetan banatuko dituzte eta esku-orria bete ondoren ikastetxeetan bertan edota Ordiziako Udaleko Gazte bulegoan (Barrena Jauregian) aurkeztu behar dira zehaztutako epea amaitu aurretik.

Udalekuetara doazen haurrak, eguraldiaren arabera, herriko plaza eta txokoetara mugituko dira Hitzaroko begirale eta hezitzaileekin eta jarduerak, tailerrak eta joko ezberdinak egingo dituzte. Adinaren arabera multzokatuko dituzte begirale-hezitzaileek eta ekintzak adinaren araberakoak izango dira.

Udaleku irekiekin Ordiziako haur eta gaztetxoei euskaraz bizitzen lagunduko dien ingurunea antolatu nahi dute bai Udalak, bai Hitzarok, eskolaren ahaleginak udara partean jarraipena izan dezan modu dibertigarri eta hezitzailean.