2015 04 22 irakurriEkainaren 30a arte iraungo du, eta parte hartzen duten herritarrek %25eko deskontuarekin erosi ahal izango dituzte liburuak

Bihar hilak 23, Liburuaren Nazioarteko Egunean, jarriko da martxan euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko Irakurri, Gozatu eta oparitu egitasmoaren bederatzigarren edizioa. Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du, zenbait euskara elkarte, liburutegi eta liburu dendarekin batera, eta hainbat erakunderen babesari esker. Egitasmoan parte hartzen duten herritarrek %25eko deskontua izango dute Mujika liburudendan euskarazko liburu bat erosiz gero. Ordizian Hitzarok sustatu du ekimena, Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Egitasmoak ekainaren 30a arte iraungo du.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz. Aurten hedapen nabarmena izan du egitasmoak, Euskal Herri osoko 42 herritan gauzatuko baita. Ordizian ez ezik, Goierriko beste zazpi herritan ere kanpaina bera egingo da. Honakoetan: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Segura, Olaberria eta Zaldibia.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordaintzeko aukera izango dute partaideek Ordiziako Mujika liburu dendan. Hitzaro Euskara Elkarteko bazkideek eta mintzalagunek, berriz, %50eko deskontua izango dute