2015-03-24 eseplanaPlana herritarrekin batera sortu da, herriaren beharrei erantzuteko. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek aho batez onartua izan da

Plan berri honekin batera lelo eta logo berria ere sortu dira: Arian-arian euskara abian

Ordiziako Udalak 2014-2018 epealdirako euskara plan berria aurkeztu du, ESEP izenekoa (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana). ESEP egitura Eusko Jaurlaritzak eztabaida prozesu baten ondorioz adostutako eredua da. Ordiziako esparru guztietan euskararen erabilera indartzea da erronka nagusia. Plana herritarrekin batera sortu da, herritarren beharrei erantzuteko. Plana aho batez onartu zuten iazko abenduan Ordiziako Udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek. Plana gizarteratzeari begira liburuxka bat egin da, eta datozen egunetan banatuko da Ordiziako etxeetara.

ESEP PLANA (PDF)

Igor Eguren Ordiziako alkateak, Imanol Iturriotz Euskara Zinegotziak, Aitzol Azpiroz eta Izaskun Zubitur Euskara Zerbitzuko teknikariek eta Jose Mari Barandiaran Hitzaroko kideak parte hartu dute udaletxeko batzar aretoan egin den aurkezpenean. Egurenek aditzera eman duenez, hiru dira plan honen erronka nagusiak: Ordiziako udalerrian euskaraz bizi ahal izatea, harremanetarako hizkuntza izatea esparru guztietan eta hizkuntza eskubideak bermatzea oztopo guztien gainetik. "Plana moldagarria da, aldaketak planteatu daitezke, eta irekia ere bada, hau da, herritar guztiei zuzentzen zaio: kirolariak, gazteak, etorkinak, jubilatuak, merkatariak..."

Administrazioa euskalduntzen
Alkateak gogoratu du 2013az geroztik indarrean dagoela udal barruko euskara erabilera plana, baina 2011tik irizpide aldaketa proposatu zuela udal gobernuak. "Horri lotuta, aipagarria da 2011 eta 2014 urteen udal administrazioan sortu den euskara hutsezko dokumentu kopurua ia bikoiztu egin dela (%25,44tik %48, 49ra), elebietan sortutako dokumentu kopurua %58,60tik %42,59ra jaitsi da, eta gaztelera hutsezkoa %15,96an zegoen 2011n, eta gaur gaurkoz %5,19an dago"

Euskara Zerbitzuak gazteleratik euskarara itzuli behar izan duen testu kopuruak izan duen beherakadari ere aipamena egin dio Egurenek: 2011n testuan %83 gazteleratik euskarara itzultzen ziren, eta gaur egun, herena. Euskarazko testuen zuzenketa lanak, berriz, %10etik %51era igo dira. "Horrez gain, Herritarrei ere hizkuntza hautatzeko aukera eman zaie, eta gaur-gaurkoz 2.542 ordiziarrek euskara hutsean jasotzen dituzte udaleko dokumentuak, eta horrek ere eragina du udal jardunean, itzulpen lanik ez baitago".

Soziolinguistika Klusterrak 2011n egindako euskararen kale erabileraren plana ere hizpide izan du. Ikerketa horren arabera, euskararen erabilera %38,6koa da Ordizian eta hogei urtean 15 puntu egin du gora. "Datua baikorra da, baina oraindik ere elkarrizketen %57,8 gazteleraz izaten dira Ordizian, eta denon ardura da, bai administrazioarena eta baita herritarrena ere, erabilera areagotzeko urratsak egitea".

Lelo eta logo berria: Arian-arian euskara abian
Plan berri honekin batera lelo eta logo berria ere sortu ditu Ordiziako Udaleko Euskara sailak: ARIAN-ARIAN EUSKARA ABIAN. Lelo berria sortzeko euskararen aholku batzordearen ekarpenak eta balorazioa jaso dituztela adierazi du Aitzol Azpiroz teknikariak. Plana gizarteratzeko eskuorri bat prestatu da, eta datozen egunetan banatuko da Ordiziako etxeetara.

"Lelo berria Goierriko Bertso Eskolako ikasleek proposatutakoa da. Leloak argi erakusten digu martxan gaudela, hau da, euskararen sustapena etengabe egiteko lana dela. Logoak ere, ikus dezakezuen bezala, horixe azaltzen digu. Euskararen e hizkia daukagu altxatzen ari dela kolore argiago batekin. Atzean, itzala, egindako lana agertzen zaigu eta altxatzen ari den hizkia dugu aurrera egin beharrekoak azalduz", zehaztu du Azpirozek.

Erronka nagusiak esparruka
Eskuorrian, planaren laburpena eta lehenetsitako esparru bakoitzean dauden ekintza eta erronka nagusiak agertzen dira. Hauek izango lirateke erronka nagusiak:

-Familiaren esparruan, euskararen aldeko guraso erreferenteekin lan egitea

-Irakaskuntza: Erronka nagusia erabilera sustatu eta kalitatea indartzea da

-Euskalduntze-alfabetatzea: euskara ikasteko diru laguntzak, AISA ikastaroak, 6-16 urte bitarteko haur eta gazteentzako euskara errefortzu saioak, langabetuentzako doako euskara ikastaroak...

-Merkataritza eta lan munduan, baliabideak eskaini eta kanpainak egitea. Erosleak aktibatzeko kanpaina berriak ere egingo dira.

-Kirolaren esparruan adin txikikoen kirol entrenamenduetan eragin nahi da.

-Kalitateari ere arreta berezia jarriko diogu, batez ere irakaskuntzaren esparruan eta gazteen hizkerari dagokionez. Gainera euskarazko eskaintza handitu nahi dugu kulturaren arloan eta teknologia berriak erabili euskara sustatzeko.

-Motibazioa eta zabalkundea. Euskararen zeharkakotasuna; motibazio landu, praktika onak zabaldu, eraginkortasuna neurtu, elkarte (Hitzaro, AEK...) eta ikastetxeekin (Jakintza, Urdaneta eta Oianguren) lankidetzan jarraitu...

"Azken batean euskararen zeharkakotasuna bermatu nahi da, hau da, esparru guztietan euskararen irizpideak txertatzea. Horretarako ezinbestekoa dugu herritarren laguntza eta babesa. Ordiziako Udalak bide hau elkarrekin egitea proposatzen dizu", amaitu du Azpirozek.