2014-12-04 vitaleOrdiziako Udalak eta Vitale enpresak akordioa egin dute programaren zerbitzua euskaraz eskaintzeko

2015ean 8.000 erabilera lizentzia doan eskainiko zaizkie Majoriko erabiltzaileei eta herritarrei

Ordiziako Udalak eta Vitale enpresak ariketa fisikoa egiten laguntzeko mundu mailako programa aurreratuena euskaraz eskaini ahal izateko hitzarmena egin dute. Udalak hartu du bere gain programa euskaratzeko ardura, eta trukean, Vitale enpresak 8.000 erabilera lizentzia emango dizkio herritarren eskura jartzeko. Lizentzia horiek urtebeterako iraupena izango dute, eta doan izango dira 2015ean.

Igor Eguren alkateak eta Gorka Nuñez Vitale enpresako ordezkariek eman zuten atzo ¬–Euskararen Nazioarteko Eguna- akordioaren berri. Haiekin batera, Juan Mari Gereñu kirol zinegotzia eta Kike Mokoroa kirol teknikaria izan ziren agerraldian. Egurenek argitu du udal zerbitzuak erabiliz programa euskaraz jartzeko eskaera jaso zuela Vitaleren eskutik, eta hortik abiatuta hasi zela aliantza hau, "asko harrotzen gaituena".

"Ordizia da Gipuzkoa mailan, eta Euskal Herrian ere bai ziurrenik, biztanle kopuruaren arabera kirolari federatu gehien duen herria. Kirola egiteko zaletasun handia dago, eta aurrerantzean euskaraz izango dugun tresna honekin, Majoriko erabiltzaileek eta herritarrek urtebetez doako zerbitzua izango dute. Ariketa fisikoa egiteko programa hau ez da mugatzen soilik errendimendua hobetzera, baizik eta argaltzeko eta osasuna hobetzeko baliagarria da, besteak beste, eta adin guztietako pertsonek erabil dezakete".

Programa hau erabiltzeko lehentasuna Majoriko erabiltzaileei emango die Udalak, Ordiziakoak izan ala ez. Datozen egunetan jakinaraziko zaie erabiltzaileei nola egin daitezkeen tresna honen jabe, eta gainontzeko herritarrengana iristeko bideak ere aztertzen ari da udala.

Ariketa fisikoa zentzuz agintzeko metodoa
Vitale orain dela sei urte sortutako euskal enpresa bat da, eta arlo ezberdinetako bederatzi profesionalek –heziketa fisikoan lizentziatuak, medikuak eta ingeniariak- osatzen dute. Euskal Herrian eta Espainian ez ezik, Portugalen, Ingalaterran, Mexikon eta Libanon ditu bezeroak, besteak beste. Lortutako akordioarekin "pozik" azaldu da Gorka Nuñez Vitaleko kidea, orain arte lau hizkuntzetan –gaztelera, frantsesa, katalana eta ingelera- eskaintzen zuten zerbitzuari euskara ere gehitu zaiolako. "Inongo lotsarik gabe esan dezakegu entrenamendu munduko erreminta aurreratuena daukagula esku artean".

"Vitalek ariketa fisikoa zentzuz agintzeko aukera ematen du, bizi guztirako. Banakako entrenamenduak agindu ditzake, norberaren egoera fisikoa hobetzeko, bai maila funtzionalean, bai maila estetikoan. Gainera, Vitalek programa espezifikoak ditu hainbat patologia saihesteko eta tratatzeko. Algoritmo matematiko ahaltsuen bidez, Vitale erabiltzaileen beharretara egokitzen da eta erabiltzailearekin batera eboluzionatzen du. Vitalek entrenamendu plan pertsonalizatu bat prestatzen dio erabiltzaileari, eta plan hori hilero aldatuko da, norberaren bilakaeraren arabera", adierazi du Nuñezek.

Vitalerekin lor daitezkeen helburuak bost ataletan banatzen dira: argaltzea, muskulu masa areagotzea, hobekuntza funtzionala, osasuna eta kirola.