2014-04-07 euskara Kontseiluak egin du kontzentraziorako deia, eta Ordiziako Udalak bat egin du. Asteazkenean, hilak 9, izango da, 19:00etan, Plaza Nagusian

Asteazkenean, hilak 9, hizkuntza irizpideen aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo da Ordiziako Plaza Nagusian, 19:00etan. Kontseiluak egin du kontzentrazioan parte hartzeko deia, eta Ordiziako Udalak bat egin du deialdiarekin. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak 26 udal eta erakunderi bidali die aurten hartutako hizkuntz irizpideen aurkako errekerimendu bat, tartean Ordiziako Udalari, eta esku-hartze hori salatzeko deitu du elkarretaratzea Euskararen Kontseiluak.

Gipuzkoako udal gehienak, UEMA eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Proiektu Elkartuak izena duen lankidetza egitasmo batean abiatu ziren 2012an. Gabezia handi bati erantzuteko beharra ikusten zen, udal administrazioek ez baitute oraindik euskaraz normaltasunez lan egiten. Elkarlan horren lehen emaitza gisa administrazio kontratuetan hizkuntza-baldintzak zehaztu eta ezarri zituzten Gipuzkoako udal gehienek.

Errekerimendua jaso dute aurten 26 udaletan
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak, ordea, hartutako hizkuntza-irizpide horien aurka azaldu da; errekerimendu bidez lehenik, eta epaitegietan salaketa jarriz ondoren. 2013an 20 udal eta erakunderi bidali zien errekerimendu bat, eta aurten 26k jaso dute, tartean Ordiziako Udalak. Dagoeneko bi udal epaitegietan salatu ditu gobernu ordezkaritzak (Tolosa eta Beizama).

Gipuzkoako erakundeek haien burua gobernatzeko ahalmena aldarrikatzen dute, eta adierazi nahi dute ez dutela inolako esku-hartzerik onartzen. Horregatik, euskara normalizatzeko hizkuntza-politika erabaki eta ezartzeko hartutako erabakian berresten dira. Euskaraz bizitzeko behar diren neurriak adostu, erabaki eta ezarriko dituzte aurrerantzean ere.

Gauzak horrela, Kontseiluak, errekerimenduak jaso diren Udaletan, tartean Ordizia dela, elkarretaratzea deitu du hilaren 9rako, 19:00etan, Plaza Nagusian. Ordiziako Udalak bat egiten du deialdi honekin.

KONTSEILUAREN DEIALDIA

PROIEKTUA ELKARTUAK EGITASMOA.