2013-12-03 Euskararen astea(...) Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia (...)
(Koldo Mitxelena)



Euskarararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da. Ospatzeko euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dugulako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera.


Ugari dira euskarak ospatzeko dituen motiboak. Guztietan lehena, jakina, azken 30 urteotan izan duen hazkundea, bereziki ezagutzari dagokionez. Izan ere, 0,5 puntu urteko hazi da euskara azken urteotan, modu egonkor eta iraunkorrean. Baina erabilerari dagokienez ere, garbi hazi da euskara aldi berean, eta, are garrantzitsuagoa dena, lehen erabat arrotz zituen eremuetan erabiltzen da gaur euskara. Hazkunde horrek eraman du, hain zuzen ere, euskararen kasua nazioarteko ereduen mailara, mundu zabaleko adituen aztergai izateraino.


Ospatzeko du euskarak, noski, biziberritze sendo horri bidea ireki dioten hiru faktoreek (lege babes nahikoa, hizkuntza politika eraginkor eta baliabidez behar bezala hornitua, eta herritarren atxikimendua, adostasun sozial eta politiko zabal batekin batera) modu koordinatuan eta iraunkorrean eragin dutelako hizkuntzaren hazkunde handi horretan. Dena den, gure hizkuntzaren normalizazioa lortzeko oraindik lana badago euskararen presentzia eta erabilera gure eremu zabalera eramateko.


Ospatzeko eta aldarrikatzeko du euskarak, era berean, aurrerabide hori euskal gizartearen kohesioa sendotzea iparrorratz hartuta egin duela, ez beste hizkuntza baten aurka, are gutxiago beste hizkuntza baten hiztunen aurka. Aitzitik, hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzaren alde egindako bidea da euskararen biziberritzeko ahaleginean egin dena, eta hor dator, hain zuzen ere, euskarak ospatzeko duen beste motibo bat: ugari dira euskararen biziberritzeari ekarpena egin dioten herritarrak, herri erakundeak eta eragileak, eta ugari ez ezik askotarikoak ere bai, eta aniztasun eta pluraltasun hori da, hain zuzen ere, euskararen sustapenaren inguruko lankidetzak izan dezakeen oinarri emankorrena. Euskarak denok behar gaitu, nor bere uste eta ideiekin, nor bere proposamen eta ekarpenekin, baina denok bat sustapenerako hizkuntza politika iraunkor eta eraginkor baten alde.


Eta euskarak denok behar gaituela esaten dugunean, euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, ezinbestekoa duen erabilera dugu, batez ere, gogoan. Euskara gurea baldin bada, gurea da, neurri berean, euskara erabiltzearen erantzukizuna, euskarak euskal hiztunongan baitu arnasbide bakarra. Gutariko bakoitzak bere gain hartu behar duen konpromiso hori, euskara gero eta gehiagotan, gero eta eginkizun gehiagotarako erabiltzekoa, berresteko eguna dugu, baita ere, Euskararen Nazioarteko Eguna.


Euskara normalizatuko bada hizkuntza politika berria eta herritarren aktibazioa behar ditu ezinbestean. Beharrezkoa da gaurdanik, gure udalerri honetan, euskara normalizazio bidean jartzeko politika eta erabaki ausartak hartzea eta norabide horretan Udal honek ondorengo konpromisoak hartu eta deialdiak luzatu nahi ditu:


1. Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko ditugu, eta euskara administrazio osoan lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzeko konpromisoa hartzen dugu.
2. Euskararen arnasguneak -espazio sozial euskaldunak- bultzatu eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu.
3. Udalaren kontratazio-publiko eta lehiaketa guztietan hizkuntza-irizpideak txertatu eta garatzeko konpromisoa hartzen dugu.
4. Udal honek hiztun berriak lortu eta euskararen ezagutza udalerrian unibertsalizatzen laguntzeko konpromisoa hartzen dugu.
5. Herriko euskararen aldeko bilgune zabalak –euskalgintza, eragileak, sektore desberdinerako erakundeak, udala – sortzen eta gorpuzten laguntzeko konpromisoa hartzen dugu.


Erabili dezagun, bada, euskara, eta landu dezagun elkarrekin euskara etorkizun oparo baterantz eraman dezakeen adostasun sozial eta politikoa zabal eta sakona.

Euskarak denok behar gaituelako, eta denok euskara behar dugulako.