2013-12-03 Euskararen asteaAbenduaren 10era bitarte hainbat ekitaldi egingo dira, bai herri mailakoak eta baita ikastetxe mailakoak ere

Datorren asteartea, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta horren bueltan, asko eta asko dira Ordizian egingo diren ekimenak. Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak sustatuta, eta herriko ikastetxe eta beste zenbait eragileren laguntzarekin, Euskararen Astea ospatuko da Ordizian 'Euskara Plazara!' lemapean. Gaurtik abenduaren 10era bitarte adin guztiei begirako ekitaldiak izango dira, bai kale mailan zein ikastetxeetan.

Aurtengo ekimenik nabarmenenetakoa abenduaren 3an egingo den 'Euskaraz bizi nahi dut!' lasterketa herrikoia izango da, Ordiziako Udalak, Kontseiluak eta Emaneurre taldeak antolatuta. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak izango dira lehenak abiatzen, 18:30ean, eta alde zaharrari itzuli bat eman beharko diote (375 metro). LHko 5. eta 6. mailakoek bi itzuli eman beharko dizkiote (750 metro), 18:45ean abiatuta. Eta 19:00etatik aurrera DBH1tik aurrerako ikasleek eta hala nahi duten herritarrek parte hartu ahal izango dute, alde zaharrari bost itzuli emanez (2.765 metro).

Horrez gain, abenduaren 4an, eta Hitzaro Euskara Elkarteak deituta, 'Euskarak 365 egun' ekimen orokorrarekin bat eginez, kontzentrazio bat egingo da Plaza Nagusian, 19:00etan. Manifestu bat irakurriko da ondoren, eta segidan kanta bat abestu.