2013-10-17 Unitate didaktikoen aurkezpenaPaperean eta Interneten argitaratu da materiala, eta ikastetxeek kudeatuko dute

Ordiziari buruzko ezagutza zabaltzeko hiru unitate didaktikoa atondu ditu Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Paperean hiru ale eman dira argitara, eta webgune bat ere garatu da materiala erabiltzaile guztien eskura egon dadin. Ordiziaren sorrera, historia, pertsonaiak, geografia, ingurunea, lanbideak eta azoka dira, besteak beste, aleek lantzen dituzten gaiak, modu grafiko, erakargarri eta ulerterraz batean.

Ordizia: kilo bat istorio (gure sustraiak). Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola; Ordizia: gure herriaren eraldaketa. Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea; eta Ordizia: gu egile, gu eragile. Lehenaldia historia da, eta misterioa etorkizuna, baina orainaldia oparia da dira 32na orrialdeko hiru aleen izenburuak. Interneten http://www.ordizia-euskaraz.com/ordiziaezagutzen/ helbidean topa daitezke.

Igor Eguren eta Belen Maiza Ordiziako Udaleko ordezkariek, Pantxike Agirre, Lurdes Mujika eta Patxi Zubizarreta edukien egileek, proiektuaren koordinazioaz eta webguneaz arduratu den Iametza enpresako Joxerra Aizpuruak, eta Rosa Montesek eta Amaia Aierrak, Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza Ikastolako zuzendariak hurrenez hurren, parte hartu dute gaur arratsaldean Barrena kultur etxeko areto nagusia egin den aurkezpen ekitaldian.

Orain hiru urte hasitako proiektua
2010ean Ordiziako leku-izenak liburua argitaratu eta gero, egindako ikerketa horren emaitza zabaltzeko bideei buruz hausnartzen hasi zen Ordiziako Udaleko Euskara saila. "Azken batean, Ordiziako toponimiaren sozializazioa eta hedapena daude hiru unitate didaktiko hauen oinarrian. Toponimia liburu hura argitaratu zen, baina horren dibulgazioa beste formatu batean egin behar zela ikusten genuen", azaldu du Belen Maiza kultur zinegotziak.

Behin ondorio horretara iritsita, Ordiziako ikastetxeekin harremanetan jarri zen udala proiektua garatzeko lantalde baten sorrera proposatuz. "Ikastetxeek begi onez ikusi zuten halako material bat elkarlanean lantzeko jaso zuten proposamena. Lehen Hezkuntzan lantzen dute ikasleek Ordiziako historia, baina ikastetxeek beraiek ere ikusten zuten osagarriren bat behar zutela, haiek bakarrik ez zutelako aukerarik horrelako lan bati ekiteko". Maizak adierazi duenez, ikastetxeek proposatutako beharren arabera osatu dira liburuen edukiak, eta sortutako material guztia ikastetxeek kudeatuko dute. Hala ere, unitate didaktiko hauek erabilera zabala izan dezaketela nabarmendu du zinegotziak. "Esparru askotan erabil daiteke, eta herritar guztientzat da aproposa, ez eskola umeentzako bakarrik".

Gaur egungo diskurtso ilustratu eta erakargarri bat
Gasteizen bizi den Patxi Zubizarreta ordiziar idazleak hartu du hitza egileen izenean. Anjel Lertxundi idazlearen aipu bat irakurri ondoren, honela laburbildu du egileek liburua osatzerakoan izan duten irizpideetako bat. "Lertxundik tradizioa aipatzen duenean, historia ere aipa dezakegu guk, baina konbentzimendu batetik: atzean badago zer kontaturik, eta hori agertzeko begirada berri bat eskaintzen ahalegindu gara, gaur egungo diskurtso ilustratu eta erakargarri bat".

Sortutako hiru unitateek helburu eta esaera propioa dutela aipatu du Zubizarretak, eta teleskopioaren, prismatikoen eta betaurrekoen begiratzeko moduei buruz aritu da. "Elkarrekin ikasi eta ikusi genuen gure herria nola sortu zen orain dela urte asko, teleskopio batekin bezala. Elkarlanaren bitartez ikasi eta ikusi genuen auzoetara nola zabaldu zen herria, prismatikoekin bezala. Eta azkenik, elkar hartuta aritu gara, gure begiekin, edo betaurrekoekin, etorkizuna behar bezala prestatzeko orainean protagonista izatea zer den ikasi eta ikusi dugu".

Helburu horiek modu ludiko batean adierazteko, Kattalinen eta haren aitona-amonen begiradak erabili dituzte egileek, proiektua hiru belaunaldiren topalekua balitz bezala. "Nabarmendu behar da, gaur egungo mundua islatzeko komikia erabili dugula, zuri-beltzezko argazkiak tartekatuz, eta hurbilen dugun gipuzkera erabiliz. Aldi berean, unitateek Interneten dute hainbat material osagarri: ariketak, grabazioak...".

Zubizarretan esanetan, azken alean, garaien eta joan-etorrien ordezkari, Zaita marokoarra eta Gotzon bizkaitarra azaltzen dira. "Baina historia eta istorioak pertsonek egiten eta protagonizatzen dituztenez, hainbat gizon-emakume agertuko zaizkigu: Urdaneta, Lekuona, Lutxi, Kutturru... Azken batean, haurrei lehenaldia orainera hurbildu nahi izan diegu, etorkizuna hobeto eraikitzen laguntzeko", amaitu du idazleak.

Formatu irekiko webgunea
Paperko hiru unitateez gain, formatu irekiko webgune bat landu du Iametza enpresak. Gaur gaurkoz, hiru unitatetik bi daude webgunean, eta hirugarrena datozen egunetan sareratuko dute. Ale bakoitzaren azalean klikatuz, unitate bakoitza lau ataletan banatuta azaltzen da: Ipuinak eta kontakizunak; Ariketak eta jolasak; Audioak; eta Argazkiak. Gunearen eskuin aldean, berriz, unitatea bera, irakaslearen gida eta informazio osagarria deskargatu daitezke PDF formatuan.

Webgunearen helbidea: http://www.ordizia-euskaraz.com/ordiziaezagutzen/