2013-10-15 Unitate didaktikoaren aurkezpenaOrdiziari buruzko ezagutza zabaltzeko hiru unitate didaktiko sortu ditu Ordiziako Udalak

Datorren ostegunean, urriak 17, Ordizia hobeto ezagutzeko osatu diren hiru unitate didaktikoen aurkezpen ekitaldi irekia egingo da Barrena Kultur etxean, 18:00etan. Egileek, hartzaileek eta herriko hainbat eragilek hartuko dute parte, eta herritarrei ere bertaratzeko deia egin nahi die udalak.

'Ordiziako leku-izenak' toponimia liburua 2010ean argitaratu ondoren, egindako ikerketa horren emaitzak eta edukiak zabaltzeko beharra ikusi zuen udalak. Ikastetxeekin batera lantaldea osatu eta proiektua hiru urtetan zehar garatu da.

Hiru liburu prestatu dira. Horietan, Ordiziaren sorrera, pertsonaiak, geografia, ingurunea, lanbideak, azoka eta abar lantzen dira, besteak beste.

Edukien egileak Pantxike Agirre, Lurdes Mujika eta Patxi Zubizarreta izan dira, koordinazio eta liburuaren atonketa lanaz Iametza enpresa arduratu da, eta Urdaneta eta Jakintza ikastetxeek ere parte hartu dute proiektuan.

Formatu irekiko webgune bat ere sortu da, eta horrekin, ikasleek proiektua aberasteko eta elikatzeko aukera izango dute.

Unitate didaktiko hauek erabilera zabala dute, esparru askotan erabil daitezke eta herritar guztientzako da aproposa, ez eskola umeentzako soilik.