Ordiziako Udal Gobernuak aste honetako ostegunean aurkeztuko ditu 2021 urteko aurrekontuak. Guztira, 13.771.834,90 eurokoa da proposatzen den aurrekontu proiektua.

“2021ak eusten dio duela urtebete bizitzak errotik aldatu zizkigun COVID19ak eragindako egoera berriari, eta bizi dugun egoera berri honek isla zuzena du udalaren aurrekontuetan. Azken finean, inoiz baino gehiago, 2020an bizitakoaren jarraipena izango da 2021a, baina iaz egin izan genituenei berriro ekiteko unea ere bada”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Egoeraren adierazle da Gipuzkoako Aldunditik jasotzen dugun Foru Funtsa, aurrekontu osoaren ia erdia. 2020ko martxoko aurreikuspenak bete ez baziren ere, Covid19a baino lehen aurreikusitako baino 390.000 euro gutxiago jasoko ditugu oraindik 2021ean.

Ordizia Orain Elkarrekin Podemos alderdiarekin elkarlanean burutu du Udal Gobernuak aurrekontu proiektua. Gainerako alderdien ekarpenetara zabalik egon da lehen zirriborroa Tokiko Gobernu Batzordean urtarrilaren 28an aurkeztu zenetik, eta kontuan hartu ditu proposatu diren ideiak.

Bost ardatz nagusi izango dituzte aurtengo aurrekontuek:

1) 2021eko aurrekontuen zati handiena herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak indartu, modernizatu eta berritzera bideratuko dira.

Pandemia honek aspalditik Ordiziako Udalak zituen hainbat gabezi agerian utzi ditu. Dudarik gabe, inflexio puntu bat izan da azken urtea. Egoera zailei aurre egiteko Udal sendo bat behar da, ondo antolatua, profesionala eta arazoei irtenbideak emateko prestatua; herritarren behar eta eskakizunei modu azkar eta eraginkorrean jardungo duena. Horregatik, 2021eko aurrekontuen zati nabarmen bat Udala gaur egungo beharretara antolatzera bideratuko da.

Giza baliabideetan, Herritarren arreta zerbitzua erreforzatu egingo da, eskaera telematikoak indartuko dira horiek bideratzeko makina jarriz ordiziarrek egin beharreko tramiteak erraztasun eta azkartasunez egin ahal izateko. Ongizate saila ere indartu egingo da, Covid19aren aurrean kolektibo zaurgarrienak artatzeko gizarte langile batekin.

2) Herri atsegin, irisgarri eta jasangarria

“Ez da obra inbertsio handiak egiteko unea, baina bai horiek etorkizun hurbil batean garatzeko proiektuak lantzekoa. Urratsak emateko unea da, etorkizuneko Ordizia irudikatzekoa”. Inbertsioetan, guztira 911.094,21 euro bideratuko dira. Zentzu honetan, irisgarritasunari eta trantsizio energetikorako prestakuntzari eutsiko dio Ordiziako Udalak proiektuetara 228.000 euro bideratuz.

Herriko auzoetan egindako bilera irekietan jasotako ekarpenak kontuan hartuz, Ordiziarako proiektu anbiziotsuak aurreikusten ditu Udalak, herri atsegin, irisgarri eta jasangarria izateko. Auzoetako eta eraikin publikoetan irisgarritasuna hobetuko dituzten igogailuen proiektuak martxan jarriko dira. Hala nola, Altamira auzoa eta Barrena, Dorrea eta Jakes eraikinetakoak.

Horrez gain, herriko mugikortasun plana eguneratu egingo da, gaur egun dagoen aparkaleku sarea hobetzeko azterketa abiatuko da. Gainera, Udal artxiboa lekuz mugitu anbulatorioa handitu ahal izateko.

3) Trantsizio energetikoaren aldeko apustu irmoa

Ordiziako Udalak transizio energetikoaren aldeko urratsak ematen jarraitzen du. Hainbat ekintzen artean, Plaza Nagusian panel fotoboltaikoak jartzeko proiektua amaituko da, eta halakoak eraikin publiko guztietan jartzeko azterketa egingo da. Azken urtean egin moduan, argiteria publikoan eraginkotasun energetikoa lortzeko ekintzekin jarraituko da.

4) Kultura eta aniztasunaren herri hezitzailea

Herri bizi eta aberatsa da Ordizia. Herrian ehunka ekintza antolatzen dira urtean zehar, eta kulturarik gabe ez da ulertzen ezagutzen dugun Ordizia. Ardatz hau balioan jartzen jarraituko du Ordiziako Udalak. Hala nola, Ordiziako Harrera Plana burutuko da, KulturLab prozesuarekin, eta Emakumeen Jabekuntza Eskolarekin jarraitu.

5) Covid19 laguntzetarako partidak

Asko dira pandemia honen eragina jaso duten sektoreak eta horiei ia 100.000 euroko partida bideratuko zaie, gehi 2020tik txertatuko diren beste 88.000 euro. Horrez gain, beste partida bat ere sortu da egon daitezkeen ezustekoei aurre egiteko.

_____

Mila Sukiak, Ordizia Orain Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, Udal Gobernuarekin izan diren bileren balorazio “positiboa” egin du, eta horietatik atera diren neurri eta egitasmoak zerrendatu ditu. “Hasierako proposamen bat jaso genuen, eta hori gure ekarpenekin aldatzen joan da, izan ditugun eztabaiden ondoren. Aurrekontu polita gelditu zaigu”, azaldu du.

“Egungo errealitate ekonomikoaz jabetuta, gai batzuk mahai gainean utzi ditugu, ahaztu gabe (hondakin organikoen kudeaketa birudalerriratzea, energia-enpresa publikoa, ingurumeneko udal-teknikariaren plaza, finantzaketa bikoitzaren amaiera diru publikoarekin, taxi-busa, haur eskolara sartzeko aukera guztiek... baina baina tokiko politika egitea gobernantza posible egitea da, Eta Udal Gobernuaren jarrera positibistarekin elkartu garara.

Besteak beste honakoak dira zerrendatu diren proiektuak:

-Irisgarritasun fisikoa ez ezik, unibertsala ere bada.
-Gazteei etxebizitzen alokairuak ordaintzen laguntzea.
-Herritarren hezkuntzarako programa, norberak bere hondakinak modu egoki batean kudea ditzan.
-Haurtxoentzako aldagailuak eta higienizatzaileak jartzea zerbitzu publikoetan.

-Energia-plana garatzea: koadro elektrikoak aldatzea eta konpontzea, pizteko eta itzaltzeko instalazioa jartzea, hornidura-kontratuak aztertzea eta aldatzea

-Gure udalerrian dagoen amiantoaren mapa baten eraketan, jabetza publikoan ez ezik, pribatuan ere, eta hura eraisteko egutegia.

-Era berean, proposatu dugu garapenerako lankidetzara bideratzen den dirua, aurrekontuaren % 0,7, aurten covid19aren aurkako txertoak emateko erabiltzea, horretarako zailtasunak dituztenei (garapen-bidean dauden herrialdeak – Etiopia-Kongo – Edo gure udalerrian egoera irregularrean dauden herritarrak).

-Aurten amaitzen diren Haur Eskolarekin eta Jakintzarekin egindako hitzarmenak salatzen ditugu, eta urtebete ematen dugu Ordizian pairatzen dugun segregazio-arazo larria bideratzeko.

-Aseguru-etxeekin egindako kontratuak eta telegrafia eta energiakoak salatu ditugu, eta berrikusi egingo dira.

-Adinekoen etxebizitzen inbentarioa eta egoera egitea, eta etxebizitza horiek egokitzeko beharrak baloratzea, bai eta gure bizilagunek beren etxebizitzan, beti bizi izan den kaleko gizarte-ingurunean, bizi ahal izateko injektatu behar ditugun diru-laguntzak ere. San Joserako irisgarritasun-neurriarekin batera, egoitza-sistema eta gure adinekoei laguntzeko sistema aztertu nahi ditugu.

-Aurten ere partida bat bideratuko da bake- eta bizikidetza-programara. Gai horrek babak altxatzen ditu, baina beharrezkoa da ahalik eta lasterren aurre egitea.

- Covid 19 izen generikoarekin sortu den poltsa, ostalaritzari eta tabernei zuzeneko laguntzak emateko, baina, gure ustez, pandemiagatik eta, bereziki, kulturagatik okerren tratatzen diren sektore guztietara zabaldu behar da.

- Udal-artxiboa beste espazio batera lekualdatzea eta anbulatorioa dagoen eraikinaren beheko solairu osoa osasun-zentro gisa erabiltzeko lagatzea; horrek medikuen kopurua handitzea eta laguntza-zerbitzua hobetzea ekarriko du. Osasun-langileen eta erabiltzaileen aldarria, egia bihurtuko dena.