Ikasturte berriarekin batera, ordiziar kultur bizitza martxan jartzen ari da, eta urteko azken lauhilekoak ekitaldiz beteriko kultur agenda eskaintzen du. Iraileko lehen hamabostaldian egin diren dantza eta antzerki jardueren ostean, "Musika Bizi" kontzertu ziklo interesgarria itzuliko da Herri Antzokira, iaz estreinatutakoa. Euskal Herriko musikariak bilduko ditu zikloak, publiko ororentzako kontzertuetan. Ostegunetan 19:30ean izango dira saioak.

Iaz bezala, lau kontzertuetarako bono bat jarri da salgai, 28 euroan, eta sarrera solteak 10 euroan izango dira. Abonuak Herri Antzokiko lehiatilan eros daitezke (astelehen, astearte, larunbat eta igandeetan, 19:30etatik 20:00etara) eta sarrera solteak, Herri Antzokian edo Kutxabank-sarreretan.

4 emanaldi

“Ordizian kultur eskaintza zabala dugu, dudarik gabe. Iaz estreinatu zen Musika Bizi zikloak emaitza oso onak eman zituen, eta jende ugari gerturatu zen zikloaren barnean eskaini ziren kontzertuetara. Gauzak horrela, aurten ere espero dugu jendearen gustokoak izatea eskaintzen ditugun proposamenak. Gainera, zikloa zabalduko duen lehen musikaria ordiziarra da; horrek ere erakusten digu herrian baditugula punta puntako profesionalak”, zehaztu du Lander Mujika, kultura zinegotziak.

Mikel Urretagoiena (bateria) musikari ordiziarraren proposamenak zabalduko du zikloa irailaren 23an, Ander Garcia (baxua) eta Iñigo Ruiz de Gordejuela lagun dituela. Lau urte Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia), bi Holandan eta New Yorken eta bost Madrilen eman ondoren, Mikel Urretagoiena bateria jotzaile ordiziarra herrian da Bizi Musika zikloari hasiera emateko. Emanaldi honetan azken urteetan konposatutako abestiak aurkeztuko ditu hirukote formatuan (pianoa, kontrabaxua eta bateria).

Urriaren 14an, gaur egungo Blues-Rock taldearen indartsuenetako bat izango dugu: Noa & The Hell Drinkers; “Craft Blues” bigarren albuma labetik atera ondoren, Hondarribia Blues, Benicassim Blues, edo Burlata Blues bezalako jaialdietan arrakasta izatetik datoz. Taldearen zuzeneko emanaldiek kritikariak eta ikusleak bereganatu dituzte, kontzertu gehienetan sarrera guztiak agortuz. European Blues Challenge 2020an Espainia ordezkatuz finalista izandakoak, `Craft Tour´ aurkezpen biran murgilduta daude orain, euren energia munduan zabalduz.

Azaroaren 18an, Herri Antzokiko eskenatokian proposamen musikal berri bat izango da, "Trigger" egitasmoarekin, Eñaut Zubizarretaren eskutik. Zubizarretak txeloaren ikasketa klasikoak jaso zituen arren, duela urte batzuk TRIGGER egitasmoa jarri zuen martxan eta rocketik eratorritako musikak instrumentu horrekin, txeloarekin,  lantzen hasi zen. Zuzenekoan, Quico Puges eta Jokin Garmendia biolontxelo jotzaileekin egongo da kamera kantuetan eta Amaiur Luluaga dantzariarekin techno kantuetan.

Eta zikloa ixten duen laugarren kontzertua "Habia" Iparraldeko taldearen eskutik etorriko da, abenduaren 16an. Amaia Hiriartek, Maia Iribarnek eta Elena Hairak osatutako soka eta ahots talde honek tradiziotik eta sorkuntzatik sortutako musika proiektu bat aurkezten du, herri kantuen eta euskal poesien nahasketa, jazza, musika garaikidea eta aire tradizionalak oinarri hartuta.