Saioa 19:00etan eskainiko da Herri Antzokian, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreekin

Ostiral honetan, hilaren 16an, amaiera emango zaio Ordizian, Beasain eta Ordizia Udaleko Kultura Sailek antolatutako “Antzerki Garaia” egitarauari. Antzerki egitarau hau Euskadiko Antzoki Sarearen barnean kokatzen da eta Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailek laguntzen dute.

Txalo Produkzioak prestaturiko 'Losers (Galtzaileak)' antzezlana izango da ostiralean Herri Antzokian, 19:00etan, euskaraz. Marta Buchacaren idatzietan oinarritzen da obra, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Kristina Martinezen jantzietan eta Asier Sanchoren eszenografian.

Lanak testu bikaina du, Marta Buchaca (Bartzelona, 1979) antzerkigileak zoriontasunaren bilaketaz ondutako ‘Losers-Galtzaileak’ komedia erromantikoak. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak eman diote bizia, 40 urte betetzeko zorian dirurik, etxerik eta maitasunik ez duten bi pertsonaiari. Berez, komedia bat da eta protagonistak berrogei urte inguruko Imanol eta Sandra dira. Biak adinean aurrera doaz -ia berrogei-, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe... Horregatik, euren buruak galtzailetzat dituzte. Eta aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izango ez balute bezala.

Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero behintzat.Imanolek eta Sarak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antzean bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?

Txalo Produkzioa konpainia 1996. urtetik ari da antzezlanak ekoizten eta banatzen, besteak beste, drama, misterioa, komedia, haurrentzako antzerkia, bakarrizketak eta musikalak nagusi direla. Euskarazko antzezlanei dagokienez, lehen lana Begoña Bilbaok zuzendutako '100 metro kuadro' izan zen, eta harrezkero beste 28 antzezlan prestatu ditu.