Majori Kiroldegia berrikuntza etengabean dago. Orain gutxi estreinatu ziren Altamirako atletismo pista berria, eta baita gimnasioa eta barneko hainbat ariketa gela berri ere. Horiei guztiei, orain, sauna berria gehitu behar zaie. Hemen ikus dezakezue bideoa:

“Badakigu zein garrantzitsua den gure kirolarientzat instalazio onak izatea. Horregatik, etengabe gaude aztertzen zeintzuk izan daitezkeen egin ditzakegun berritze lanak”, zehaztu du Jon Ander Caballero, Ordiziako kirol zinegotziak.

Saunaren berezitasunei dagokionean, bi aparatu daude: bata sauna lehorra da, eta bestea sauna hezea, edo lurrinezkoa bezala ere ezagun dena. Neurriak oso antzekoak dira bi kasuetan.

Odilo Rivela, Majori Kiroldegiko gerenteak eman ditu xehetasunak:  “sauna lehorra Eskandinaviako izeiaz egindakoa da. Aurrealdea beirazkoa du, eta eserlekuak bi altueretan. Sauna hezeari dagokionean, aurrealdea ere beiraz egindakoa da, eta eserlekuak bi altueretan ditu honek ere”.

Majori Kiroldegian lehendik ere bazegoen sauna bat. “Etorkizuneko proiektuan saunarako espazioak aurreikusita genituen”, esan du Rivelak. “Espazio honen egoera txarra zen, eta zerbitzuak berritzeko beharra zuela argi ikusi genuen. Aukera ezberdinak jarri genituen mahai gainean, hala nola, zegoen tokia bera berritzea. Estrulturalki gabeziak zituen, ordea, eta horregatik erabaki da gune berri bat sortzea”, nabarmendu du zinegotziak.

Berdintasuna oinarri

Lehen zegoen saunarekin alderatuz, aldaketak ere badaude, berrikuntzez gain. Lehengoan, egun batzuetan gizonezkoak zuten baimena sartzeko, eta beste batzuetan emakumeak. Orain, mistoa da. “Berdintasuna gure lanaren oinarri da, eta hori bermatzeko pausoak ematen jarraitzen dugu”, gogorarazi du Caballerok. 

Inbertsioa 37.161,80 eurokoa izan da (gehi BEZa). Obra eta egokitzapena, berriz, mantendimendu eta Majoriko langileekin batera egokitu da.

Erreserba bidez

Majori kiroldegiko zerbitzu honetaz gozatzeko, aurrez erreserba egitea beharrezkoa da. Horretarako bi bide daude: APP bidez, edo telefono bidez (943 80 58 80). Aldiro hiru pertsona egon daitezke makina bakoitzean gehienez ere, eta kokapena markatuta dago. Horrez gain, erreserba denborak 30 minutukoak izan daitezke gehienez ere. Ordutegia: 8:00etatik 21:45era. Bertan, musukoaren erabilera beharrezkoa izango da. Sartzeko, bainujantzia eta toalla bana eraman beharko dute erabiltzaileek.