2014-03-13 7orduak Martxoaren 22an egingo da Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan, 17:00etatik 00:00etara, Emaneurre taldeak eta Ordiziako Udalak antolatuta

Datorren apirilaren 7an Ordiziatik abiatuko da Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren 54. Itzulia. Berrogei urte dira Itzulia azkenekoz Ordiziatik atera zela, eta urteurren hori girotu asmoz, 'Udaberrian Martxan' izeneko programa sortu dute Ordiziako Udalak eta herriko hainbat taldek elkarlanean. Programazio horren barruan dago 'Goierriko 7 Orduak' kirol-kultur ekitaldia. Martxoaren 22an egingo da Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan eta haren inguruetan, 17:00etatik 00:00etara, eta kultur arloko emanaldiak tartekatuz, hainbat diziplinatako kirol probekin gozatzeko aukera izango da.

Igor Eguren Ordiziako alkateak, eta Emaneurre taldeko kide Egoitz Iztuetak eta Gorka Argaizek, gaur aurkeztu dute 'Goierriko 7 Orduak' ekitaldia Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Haiekin batera, ekitaldi horretan parte hartuko duten hainbat kirolari izan dituzte lagun; besteak beste, Orio Arraun taldeko Igor Makazaga, Gratxina Lertxundi eta Haizea Zinkunegi eta Urdaibaiko Jon Salsamendi... Horiez gain, Keler enpresa babeslearen bi ordezkari ere izan dira, Dani Idigoras eta Elena de Elera. Esaiten izenean, Martxel Toledo ere bertan izan da.

Ekitaldiaren xehetasunetan sartu aurretik, Egurenek adierazi du Itzuliaren etorrera girotzeko ekimen gehiago ere izango direla datozen asteburuetan: "Asteburuan auto eta kart erakustaldia izango da, hilaren 29an Claudio Chiapucci, Marino Lejarreta eta Txomin Perurenarekin mahai-ingurua, eta iluntzean eta gauean kontzertuak. Itzulia hasi aurreko asteburuan ere izango dira ekitaldiak. Apirilaren 6an, esaterako, 'Goierrialdea Ezagutzen' izeneko zikloturista martxa". Martxoko asteburuetan eta apirileko lehenean, gainera, Dastatu Ordizian izeneko I. Pintxo Ibilbidea ere egiten ari da. Ordiziako 21 tabernak bost produktu ezberdinekin egindako pintxoa eta 1/3ko Keler garagardoa eskainiko dute hiru euroren truke.

Egurenen esanetan, 'Goierriko 7 Orduak' ekitaldiak "toki nabarmena" du martxorako antolatu den programazioaren barruan. "Zazpi orduz jarraian hainbat kirol diziplinarekin gozatzeko aukera izango da Ordizian, eta jende askoren ahaleginari, eta laguntza eskaini diguten enpresa, entitate eta elkarteei esker, uste dut ikuskizun polita izango dela. Hori dela eta, martxoaren 22an Ordiziara inguratzeko deia egin nahi nieke herritar guztiei".

'Goierriko 7 Orduak' ekitaldiaren sorrera
Emaneurre orain dela 5 urte Ordizian sortu zen Realaren lagun-arte bat da. Egoitz Iztuetak eta Gorka Argaizek adierazi dutenez, Realarekin lotutako ekimenak antolatzeaz gain, sorrera-sorreratik garbi izan dute kirolarekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzea ere haien helburuen artean zegoela. "Urtero, Asteburu Kulturala egin dugu, kirolari buruzko mahai inguruak, txapelketak, dastaketak eta beste hainbat ekimen uztartuz", azaldu dute.

Euskal Herriko Itzulia Ordizian hasiko dela eta, eta udalak herriko elkarteekin lankidetzan programazio bat sortzeko asmoa zuela ikusita, Emaneurreko kideek 'Goierriko 7 Orduak' izeneko kirol-kultur ekitaldia antolatzea erabaki zuten. "Orain dela gutxira arte Donostiako Belodromoan egiten zen 'Euskadiko 6 Orduen' eredua hartu, eta gure baliabideak aintzat hartuta, antzeko formatua izango duen ekitaldia izango da Goierriko 7 Orduak".

Korrika eta parapente desafioa, Atletismoko kaleratze proba, Kross-Fit erakustaldia, txirrindulari arteko lehia bizikleta estatikoan, arraun taldeen artekoa ergometroan, harrijasotzea, duatloia, bertsolariak, dantzariak, joaldunak... asko dira izango dira martxoaren 22an Ordizian ikusiko ahalko diren kirol eta kultur ekitaldiak. Egunari bukaera emateko, berriz, Santurtziko Flow Balance taldearen eskutik, funanbulismo ikuskizuna egingo da, eta Alex Txikon mendizaleak Txikon Xtreme erakustaldi bat ere egingo du. "Lan handia suposatu du hau dena antolatzeak, baina uste dugu ahaleginak merezi izan duela eta kartel txukun bat osatu dugula".

Sarrera debalde izango da, eta taberna zerbitzua ere egongo da pilotalekuan bertan. Emaneurrek bideo bat ere proiektatuko du, eta ESAITen materiala eskuratzeko aukera ere izango da. "Jendeari hilaren 22an Ordiziara inguratzeko deia egin nahi diogu, ikuskizuna ziurtatuta egongo baita", nabarmendu dute.