Ordiziako Udalak jakinarazten du, apirilaren 7an ospatzekoa zen Artzain Eguneko azoka berezia bertan behera gelditzen dela. 

Covid19ak eragindako pandemiak iazko Artzain Eguna bertan behera utzi zuen, eta urtebete ondoren, oraindik ere zuhurtziaz jokatzeko garaia da. Horregatik, eta segurtasun neurriak osotasunean bermatzea ezinezkoa izango denez, Artzain Eguneko azoka ez ospatzea erabaki da.

Garai zailak izan dira lehen sektorearentzat. Artzainen lana asko zaildu da eta esfortzuak biderkatu behar izan dituzte salmentei eusteko, bide berriak zabalduz. Sektoreari babesa eman eta izan ditzaketen salmentetan eraginez, Ordiziako Udalak XXVII. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena egitea erabaki du, apirilaren 7an, goizeko 11:00etan, Oianguko parkean. Edukiera mugatua izango du, eta komunikabide eta gonbidatu gutxietara bideratua izango da.

Ordiziako Udalarentzat lehentasuna da herritarren eta kanpotik etortzen diren bisitarien segurtasuna. Birusaren hedapena mugatzea ezinbestekoa da eta horretarako aglomerazioak ekidin behar dira.

Beraz, bigarren urtez jarraian, Ordizian ez da ospatuko Artzain Eguna, ezta bertan egiten den azoka berezia ere. Artzain Eguna ekitaldi garrantzitsua da Ordiziarentzat, izan ere, bertan lehen sektorearekin lotutako ekoizleak elkartzen dira udalerrian eta Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena ere egiten da. Hain zuzen, urteko gazta berriaren mozketa egiten da Udaletxeko batzar aretoan. Horrez gain, eguneko ekitaldirik ikusgarriena artaldeak kale Nagusitik igarotzen ikustea izaten da, udaberriko mendilerroetara igoera irudikatuz. Bestalde, animaliak ere ikusgai jartzen dira herriko hainbat gunetan, eta Garagartza plazan arkumea burduntzian dastatzeko aukera egoten da.