LAU LANGILE UDALEAN ENPLEGUA SUSTATZEKO

Horietatik hiru kultur arloan ariko dira

Ordiziako Udalak lau langile hautatu ditu, Eusko Jaurlaritzak Tokiko Enplegua  sustatzeko deitutako planaren baitan. Eskatutako perfiletara egokitutako pertsonen hautaketa Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Goiki Garapen Ajentziak bideratu dute. Kontratazioak bost hilabetekoak dira, azaroan zehar hasi eta 2016ko maiatzera, hain zuzen.

TXAPELDUNEN LEHIAKETA ETA FERIA HIRUKOITZA IZANGO DA BIHAR ETA LARUNBATEAN

Gazta txapeldunak eta Ardo feria, Betiko Marketa eta Bigarren Eskuko azoka datoz

Datorren ostiral eta larunbatean, urriak 30 eta 31, Arabar Errioxako ardoen 21. azoka ospatuko da Ordiziako Plaza Nagusian. Ardoa ez ezik, hainbat herrialdetako gazta dastatu eta erosteko aukera ere izango da, eta plazaren inguruan artisauak ere izango dira, “Betiko market” ekitaldi berrian eta Domu Santu Egunerako ohikoak diren lore eta erramuen saltokiak ere plazaren inguruan izango dira. Azokak honako ordutegia izango du: ostiralean 18:30-21:30 eta larunbatean 11:30-14:30 eta 18:30-21:30. Azokarekin bat, ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa jokatuko da larunbatean, 12:30ean hasita.

‘ORDIZIA ZABALIK’, EKINTZAILE ETA NEGOZIO BERRITZAILEEI LAGUNTZEKO

Udalak merkataritza berpizteko 28.800 euro ditu 2015erako                 

'Ordiziako Zabalik’ programako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak. Pertsona ekintzaile eta jarduera berritzaileei zuzenduta dago, lokal komertzial hutsak bete eta merkataritza txikietan belaunaldi erreleboari erantzuna emateko helburuekin. Udalak 28.800 euroko diru kopurua du ekimen honetarako. Bigarren aldiz egin da deialdia eta honi lotuta bederatzi dira funtzionamenduan dauden negozioak. Programa, Ordiziako Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezian jasota dago.

ORDIZIAN ELKARTEAK TXEKEAK ZOZKETATUKO DITU

500 euroko bi emango ditu 8 establezimenduko ibilbideak egindakoen artean

ORDIZIAN Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak, Ordizia garatzeko sektore ekonomiko honek duen garrantzia ikusita eta une honetan sektoreak dituen zailtasunak kontuan izanda, Ordiziako merkatari txikiak babesteko eta sustatzeko kanpaina jarri du martxan atzo. Eusko Jaurlaritzaren laguntza du eta “ORDIZIAN IBILBIDEA” leloa du. Elkarteko establezimendu guztiek hartzen dute parte.