Gaur aurkeztu da Gipuzkoako Foru Aldundian, Ordiziako Gaztaren VIII. Biltzarra. Bilkura, hilaren 6an izango da Barrena jauregiko pleno aretoan. Prentsaurrekoan, GFAko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria, Arantxa Ariztimuño, Idiazabal Gaztaren Kofradiako Manolo Iturrioz, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, eta Itziar Alkorta EHUko Udako Ikastaroen Zuzendaria izan dira.

Biltzarra UPV/EHUren Udako Ikastaroen parte da, eta honen egituraren ardatza da Idiazabal Gaztari lotutako sektore osoa baliaraztea, eta artzaintzak gure herriko gastronomia, kontserbazioan, biodibertsitatean eta ekonomian duen garrantzia goraipatzea. Horretarako, euskarri sozioekonomikotan oinarritzen diren lau saio antolatu dira: hiru hitzaldi eta solasaldi bat. Hainbat gai landuko dira, hala nola, gaztari aplikatutako biokimika, ozonoaren aplikazioa gaztagintzan eta artzaintzak klima aldaketan duen eragina. Hizlarien artean, Salamancako Unibertsitatetik Biologian Doktorea den Gerardo Moreno, elikaduraren eta gastronomiaren munduan aditua den Mikel Zeberio eta Gandiako Ozono Technology enpresako gerentea Rafael Camarena izango dira.