Ordizian-Sabadell 2Akordioak 100 merkatariri baino gehiagori eragiten dio

Azken egunetako akordioekin jarraituz, Sabadell Guipuzcoano entitate finantzarioarekin sinatu du akordioa Ordizian merkatari eta ostalari elkarteak. Lankidetza hitzarmena sinatu dute bi alderdiek, eta horri esker Sabadellek zerbitzu finantzarioak eta ez finantzarioak eskainiko dizkie Ordizian elkarteko bazkideei, haien senitartekoei eta bazkide diren merkataritza eta ostalaritza zerbitzuetan lan egiten duten langileei.

Akordio honek Ordizian elkarteko bazkide diren 100 merkatari baino gehiagori eragiten dio eta hauen behar finantzarioei erantzuna emateko prestaturik dago, bere ekimen profesionalarekin erlazioa duten horiei bereziki.

Bizitzen ari garen ziurgabetasun egoerari aurre egiteko ezinbestekoak dira elkarlanak eta etapa hau gainditzeko mahai gainean aukera desberdinak izatea eskertzekoa da.

Bi alderdietako ordezkariak egun Merkataritza bulegoko kokalekua den D´elikatuz zentroan burutu zuten akordioaren firma, Sabadell Guipuzcoanoren izenean Jon Mikel Kortak, Jose Luis Sarasolak eta Margara Fernándezk hartu zuten parte eta Ordizian elkartearen izenean Esti Ruanok eta Josune Insaustik.

Dinamizazio lana
Bi erakundeen arteko hitzarmenak Ordiziako merkataritza eta ostalaritza sustatzea du helburu, eta bide horretan dinamizazio lanerako elkarlana adostu dute.

Hala, merkatari eta ostalari elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekintzetan Sabadellen laguntza izango du Ordizianek, herrian, orain arteko bidean, aisia eskaintza zabaltzeko eta indartzeko asmoarekin.