Ordiziako Udalak ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin azaroaren 19tik 27ra ospatuko den Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egingo du.

“Larunbatean hasiko da Hondakinen prebentzio astea eta Ordiziako Udalak beste urtebetez bat egingo du ekimen honekin. Gai estrategikoa da hau eta pauso zehatzak eman behar ditugu. Udalak konpromezu sendoa du eta hondakinen inguruan kontzientziak piztu nahi ditugu, guztion parte hartzea eta konpromisoa behar dugulako”, azaldu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.   

“Hondakinen bilakaeraren Sasietako datuak erreparatuz, 2015etik 2021era ikusten da geroz eta hondakin gehiago sortzen ditugula, eta orietatik %76a birziklatzen dela. Aurten eta iazko datuei begiratuz, (urtarriletik irailera) hondakinen sorrera ia antzekoa mantentzen da eta horretatik %77-78a birziklatzera eramaten da. Gure helburua eta beharra da datu hauek hobetzen joatea”, gehitu du.

Bide horretan, hiru ekimen berezi antolatu dira.

Lehenengoa ostiral honetan izango da, 17:45etan: Potxin-Patxin Pailazoak, hain zuzen ere. Patxin eta Potxin pailazoek hondakinen murrizketaren eta birziklapenaren aldeko mezua helaraziko dute eta jolasa eta abestiak erabiliz plaza garbi mantentzen saiatuko dira.

Bigarren ekimena herriko establezimenduekin batera egingo da, poltsa berrerabilgarriak banatuz. Ekimen hau Ordizia Ekintza Planeko 2030 14.9 puntua da. Ordiziako elikagai denda txikietan eta goxoki dendetan erabilera bakarreko poltsen kontsumoa murriztearen alde lanean ari dira Ordizian elkartea eta Ordiziako Udala. Horretarako, bezeroei poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie eta horiek jasotzeko aukera egongo da azaroaren 21etik, astelehenetik, aurrera.

Guztira ia 2.000 poltsa jarriko dira gaurtik aurrera bezeroen eskura. Modu honetan, “erabilera bakarreko hondakin plastikoak murrizteaz gain, ekimen honen bidez bertako saltoki txikien kontsumoa eta Ordiziako Km 0 produktua ere bultzatu nahi ditugu. Poltsa horiek elikadura erabilerarako egokiak dira, eta tamaina praktikoa izango dute soinean eramateko eta edozein unetan eta egunero erabili ahal izateko, edozein pertsonaren egunerokoan ezinbestekoa izan dadin”, zehaztu du Alvarezek.

Ordiziako 41 elikadura denda txikietan eta goxoki dendetan banatuko dituzte poltsa berrerabilgarriak bezeroen artean. Denda hauek bereizgarria izango dute erakusleihoan, ekimenaren parte direla jakiteko eta hemen duzue zerrenda osoa: 

Mujika Frutadenda, Bodegas San Juan, Sustrai frutadenda, Goierri Nekazal Kooperatiba, Azurmendi Harategia, Sagastume arrandegia, Lasa harategia, Ortega frutadenda, Labealde, Egun On kafetegi-elikadura denda, Marina Okindegia, Bogdan Harategia, Axun Janaridenda, Martinez frutadenda, Goierriko Baratza baserriko produktuak, Elikaleku elikadura ekologikoa, Ugalde edariak, Siglo XX Harategia, Favorita Market, Oreka belar-denda, Hussain fruta-denda, Naparra Harategia, Eloghosa, Begué Redondo janari-denda, Zuberia fruta-denda, Koxka Gozo-denda, Nahikari Gozo-denda, Zeberio Harategia, Goen Arraindegia, J. Mugika Harategia, Unanue Gozotegia, Saifi fruta-denda, Pagosa Janaridenda, Ezeiza Harategia, Garin elikadura-denda, Errotaundi, Zabale belardenda, Joxe Harategia, Etxola Harategia, Kris Kras fruitu lehorrak eta Gariona Okindegia.

Plastikozko tapoietatik aulkira

Bestalde, hondakinak murrizteko eta ekonomia zirkularra bultzatuz, etxean ditugun tapoiak berrerabiliz kalean jartzeko bankuak eta koadernoak ere egin dira. Horretarako 7 bilketa puntu izan ditugu eta bertan tapoiak jaso ondoren Udal langileek bildu eta Ordiziako enpresa batetara eman dituzte.

Bildutako tapoi kopurua 200 kilotara iritsi da, 170.000 tapoi, hain zuzen ere. Horren ondorioz kalean jartzeko 5 banku egin dira eta banku bakoitzak 3.500 tapoi dauzka beraz, 17.500 tapoi erabili dira bankuak egiteko. Zuhaiztiko Plazan jarri da banku urdina, eta laster beste bi banku moreren kokapenaren berri emango dugu.

Amaitzeko, beste ekimenak ere egin dira: Oria Ibaia, Amundarain eta Mariarats erreken garbiketa egin da aurten ere, Ordizia 2030 Ekintza Planeko 21.9 puntuan jasota dagoen moduan. 2 astez 3,6 tona zabor atera da Ordiziako ibai eta erreketatik.

Ordiziako Udalak egindako garbiketen ondorioz, Kantauri itsasora ia 26 tona zaborra gutxiago iritsi da eta zaborra behar den bezala sailkatuta bereiztu da.

Hondakinen murrizketako aste hau Gipuzkoako Klima 2050 estrategian zehazten den “Hiri-hondakinen sorrera murriztu eta zero isurpen lortzea trataerarik gabe” helburua eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak kudeatzeko 2019-2030 plan orokorrean zehazten den Prebentzioko jarduerekin bat dator.

Gainera, Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuei dagokionez (17 helburu dira) 12. helburua “Kontsumo eta ekoizpen arduratsuak” garatzen du baita zeharka 10. helburua “Herrialdeen arteko ezberdintasunak murriztea” eta noski, 13. helburua “Klimaren aldeko ekintza” ere.