Joan den abenduaren 30an sinatu zen azkenean Arana 17ko lokalaren jabegoaren eta Ordiziako Udalaren artean sal-erosketa kontratua.  Udalak 280.000 euro ordainduko ditu bi solairutan 700 metro koadro inguru dituen lokalagatik. Ordainketa lau urteetan burutuko da, 70.000€ urtero 2021etik 2024era.

Ekintza honekin, anbulatorioaren azpian geratzen den azkeneko espazioa libre geratuko da, aurretik KZ Gunea, Fiare, Stop Deshaucios edo Ordiziako Rugbyk erabiltzen zituzten lokalak dagoeneko anbulatorioaren esku geratu ondoren, eta erabilera Torrean birkokatu ostean.

Azken urratsa udal artxiboa Aranara lekualdatzea izango da. Horrela, aurreko legegintzaldiko proposamena gainditu da, eta Domingo Unanue enparantzako mailan udalak zituen lokal guztiak anbulatorio berrira bideratuko dira.

Ez da erraza izan udal artxiboa birkokatzeko lokala topatzea, artxiboak behar dituen ezaugarriak aintzat hartuta Arana 17ko lokalak soilik biltzen zituelako baldintza horiek.  Lokalak berak ere, zailtasunak ekarri ditu 90 jabe ezberdin dituelako, baina azkenean akordioa lortu da.

Egokitzapen lanak esleituta eta martxan daude dagoeneko, eta Iparragirre Eraikuntzak burutuko ditu 29.973,90 eurotan. Lokalean bertan topatu diren fibrozementuzko hainbat pieza kenduko ditu Ryde Obras y Servicios enpresak 3.146 eurotan, horretarako erabili behar den protokolo zehatza jarraituz. Artxiboaren eguneratze lanak eraman dituen Ereiten enpresak artxiboko kutxen lekualdaketa aholkatuko du, 3.294,23 eurotan, ez baita edonolako materiala lekuz aldatu behar dena. Azkenik, EUN enpresak desmuntatu eta kokapen berrian berriro muntatuko ditu egun artxiboan erabiltzen diren apal mugikorrak, 6.958,15 eurotan.

Honela, Osakidetzari  emandako otsailak 2ko epearekin beteko da, eta anbulatorioaren azpiko eremu guztia libre geratuko da. Lanak hasterakoan, anbulatorioaren funtzionamendua bermatuko da. Horretarako, dagoeneko adostu da Domingo Unanue plazaren barnean behin-behineko moduluak jartzea, faseka egingo den obrak libre utziko dituen espazioekin batera osasun zentroaren zerbitzua bermatzeko.