Ordiziako Udalak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkartearekin lankidetzan, Euskal Herriko XXIII. Txistor-Lehiaketa  antolatu du Ordizian datorren asteazkenean, abenduak 15.  Plaza Nagusian, Udaletxeko arkupetan izango da, 10.00etatik aurrera. Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da. Aurten  50 partehartzaileen muga gainditu dugu, gehienak Gipuzkoatik, Nafar batzuk , Arabar bat eta aurtengoan lau Bizkaitar ere bai.

Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei  erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek  lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko  diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.

Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakingo dugu zein izango den Euskal Herriko hogeitairugarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jasoko dute eta  Epaimahaiak, gainera, beste bi diploma emango ditu.

  • Sari banaketaren aurretik, 2020ko maiatzean utzi gintuen eta hainbat urtetan Epaimahaikide izan genuen Beasaingo Kattalin Erretegiko eta JAKITEA elkarteko kide zen Juan Manuel Garmendiaren alargunari, Arantxa Agirrezabalari,  oroigarri bat emango zaio Ordiziako Udalaren izenean esker onez.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Aizpea Oihaneder (Xarma Cook & Culture, Donostia), Iker Markinez (kuko Jatetxea, Ormaiztegi), Xabier Ruiz Ochoteco (Casa Nicolas, Tolosa eta JAKITEA elkarteko ordezkari), Aitzol Zugasti (Aholkulari Gastronomikoa eta Basque Culinary Center-eko irakaslea), Ariane Vierbücher (Goierriko Hitza), Nuria Perez (Goierri Irrati Telebista), Jone Karres (Turismo gastronomikoan aditua) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco).

Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.

Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta  Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.

Aurreko 15 edizioetako irabazleak:

2005 – Nicolas Lasa (Ordizia)

2006 – Etxekoa (Oiartzun)

2007 – Carnicería Sebastián (Altsasu)

2008 – Patxi Larrañaga (Lasarte)

2009 – Juan Jose Aldasoro (Altsasu)

2010 – Jose Luis Muñagorri (Tolosa)

2011  - Balentin Odriozola (Azpeitia)

2012  - Balentin Odriozola (Azpeitia)

2013  -Embutidos Etxekoak (Oiartzun)

2014 – Erauskin Harategia (Ataun)

2015 – Precocinados Guesalaga (Zarautz)

2016- Txarri Txiki Harategia (Aia)

2017- Larragueta harategia (Burlata)

2018- J. Odriozola Harategia (Oñati)

2019- Lasa Harategia (Ordizia)

2020- COVID-agatik bertan behera.