Ordiziako Udalak ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin azaroaren 20tik 28ra ospatuko den Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egin du.

Ordizia 2030 Ekintza Planean jasota dagoen moduan, gai estrategikoa da ingurumenaren zaintza. Eta bide horretan, Ordiziako Udalak Ekomodo enpresarekin batera Ekogela proiektua jarriko du martxan, Ordiziako Jakintza, Urdaneta eta Oianguren ikastetxeekin elkarlanean.

“Helburua ahalik eta hondakin sortzea bada ere, garrantzitsua da dagoeneko sortuta dagoen hondakinei bigarren erabilera bat ematea. Horregatik, Ekomodokoekin eta Ordiziako ikastetxeekin elkarlanean egingo dugun ekintza honetan ekonomia zirkularra izango dugu hizpide. Horixe bera ere jasota dugu Ordizia Ekintza Plana 2030an”, nabarmendu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

Tapoitik aulkira

Zer da, baina, Ekogela? Etxean ditugun tapoiak jaso, hauek birziklatu eta produktu berriak egingo dira. Hain zuzen ere, banku bat sortuko da tapoi horiekin eta herrian zehar kokatuko da. Banku bat sortzeko  3.500 tapoi behar dira, eta ahalik eta gehien jasotzea da egitasmoa.

Tapoi bilketa hau astelehenean hasiko da, azaroaren 29an, eta honako espazioetan jarriko dira tapoiak biltzeko kaxak: Barrena jauregian, Oiangurenen, Jakintzako bi eraikinetan, Urdanetako bi eraikinetan, Zuhaiztin eta Majori-Altamira polikiroldegian.