Ordiziako Udalak babes materiala eskuratu eta banatuko du Ordiziako merkatarien artean, bihar eta etzi. Besteak beste, 196 babes pantaila, eskularruak eta gel hidroalkoholikoa banatuko dira. Azken honetarako dispensadore edo pote txiki bat ekarri beharko dute komertzioek, horiek bete ahal izateko.

Egun hauetan, poliki-poliki herriko komertzio batzuk hasiak dira zerbitzua ematen; aurreatiazko hitzorduarekin, bezeroak bakarka artatuz, eta prebentzio eta higiene neurriak jarraituz. Udalak, baina, irekiera fase honetan komertzio guztietan segurtasun neurriak indartuko ditu eta horregatik egingo du materialaren banaketa.

Hain zuzen ere, ostegunean eta ostiralean, maiatzak 7 eta 8, Santamaria kaleko 21 zenbakian dagoen Ordizian merkatari elkarteko bulegoan egingo da horien guztien banaketa, goizeko 8:30etatik 14:30era. Norbaitek ordutegi horretan ezingo balu azaldu, deitu 639 513 495 zenbakira.