mercado actual 2

mercado adaptado

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Asteazkeneroko frontoi barruko 11 ekoizle-saltzaileen azoka bereziaz gain, Ordiziako Udalak kanpoan geratzen den frontoi txikian beste 4 postu berri prestatuko ditu bihartik aurrera, plaza barnean dauden beste saltzaile batzuei ere, aukera zabaltzeko. Edonola ere, 4 postu hauek ez dira astero finkoak izango, momentuz bi astean behin etorriko baitira, guztira 8 saltzaile ezberdin direlako oraingoz. Bihar eskaintza zabalduko da beraz, gazta, pastak, olibak eta fruitu lehorrak eskainiz.

Ordiziako ohiko azoka ospatzea ezinezkoa da Alarma Egoera honetan, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian apirilaren 16an argitaratutako 2020ko apirilaren 14eko Osasun sailburuaren 1855 Agindura egokitu da (zeinaren bidez aldi baterako eteten baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako aisialdiko edo jai giroko merkatu eta azoka tradizionalak, ezartzen baitira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalen -normalean, asterokoak- baldintza sanitarioak eta arautzen baita EAEko zenbait udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz saltoki ibiltariek gauzatzen duten jarduera, SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta).

Egoera honetan bete beharreko segurtasun neurriak eta distantziak betetzeko, ekoizle ez diren eta plaza barnean dauden saltzaileei aukera ireki zaie, baina lau postu bakarrik sartzen dira, eta horregatik errotazio sistema bat erabiliko da. Zentzu honetan, azoketan soilik saltzen duten saltzaileak lehenetsi dira, saltoki finko bat dutenen aurretik, guztientzat ez dagoelako behar adina lekurik ezarritako segurtasun neurriak eta distantziak bete ahal izateko.

Segurtasun neurriek orain arte bezala jarraituko dute, eta aldez aurretik erositako erosketen banaketa frontoiko eremutik aterako da, parean dagoen Zuhaizti edo Arboledara mugituz, beti ere jende pilaketak ekiditeko.

Zentzu honetan, frontoira adinagatik etorri ezin diren saltzaile-baserritarrei zuzenean erosteko aukerak bere horretan jarraituko du, eta aukera hori frontoira etortzen direnei ere zabalduko zaie. Horrela, itxaron ilarak murriztu nahi dira, eta erosketa horiek Zuhaiztin egokituko den gunean jasotzeko aukera izango dute erosleek, gainerako aurretiazko erosketekin batera.

Asteazkenerako euria aurreikusten denez, itxaroteko ilara babestuko da karpen bidez eta irekiera ordua goizeko 8:30etara aurreratuko da.