Ordizia. Garapenerako lankidetza hitzarmena. ONG. GKE

Ordiziako Udalak garapenerako lankidetza laguntzak banatu dizkie GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeei, gaur goizean Udaletxeko pleno aretoan egin den ekitaldian. Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, hala nabarmendu du: “Ordizian errotuta dagoen laguntza hitzarmenak dira, eta egiten duten lana aitortu eta eskertzeko modu bat da hau”.

Aurten, guztira 11 proiektu aurkeztu dira, eta horietako zazpiri diru laguntza ematea onartu da; guztira, 74.263,43 euro. Laguntza jaso ez duten elkarteek epez kanpo aurkeztu dute haien proiektu proposamena edo ez dituzte baldintzak bete.

Gauzak horrela, honako erakundeak eta proiektuak lagunduko ditu diruz Ordiziako Udalak:

  1. LANKIDETZARAKO INGENIARIAK: 6.000 euro. Afrikan zentratuko da erakundea eta bertan, uraren arazoari irtenbide ematen saiatuko dira; hala nola, bertan euria egiten duenean ura bideratzeko sistemak garatuko dira, bestela, kontaminazio handia dago eta. 22 lanpostu berri sortzea espero dute.
  2. ETIOPIA UTOPIA FUNDAZIOA: 11.080,18 euro. 10. Urteurrena betetzen du aurten elkarteak eta emakumeek Etiopian duten egoera hobetu nahi dute. Besteak beste, emakumeen elkarteak sortu nahi dituzte, hilekoa normaltasunez lantzen hasteko eta formazioa ematen jarraitzeko osasun aldetik.
  3. TAUPADAK GARAPENERAKO GOBERNUZ KANPOKO ELKARTEA: 9.485,69 euro. Emakume indigenei babesa ematea haien familien elikagai segurtasuna bermatzeko. Bolivia.
  4. ASAMBLEA DE COOPERACIÓN POR LA PAZ: 12.000 euro. El Salvadorren garatuko da proiektua, emakumeak erdigunean jarriz. Besteak beste, abortoak izateagatik jasaten den errepresioa eta kartzela jarriko dituzte ezbaian, eta pedagogia lanketak indartuko dituzte.
  5. MEDICUS MUNDI GIPUZKOA: 11.988,36 euro. Indian garatuko den proiekturako jasoko du laguntza, non formakuntza espazioa eta osasun kanpainak indartzea duten helburu.
  6. SAN VIATOR (SERSO) SERVICIO DE SOLIDARIDAD EUSKAL HERRIA: 11.869,05 euro. Hondurasen, giza eskubideen aldeko lanean jarraituko dute. Bertako eskualdeetan giza eskubideen taldeak sortzea dute xede, urtean zehar dauden hilketak jaisteko helburuz.
  7. NAZIOARTEKO ELKARTASUNA: 11.840,15 euro. Senegalen, uraren eta garbitasunaren gaia landuko dute. Ura banatzeko sistemak jarri izan dituzte abian eta orain sare hori amaitu nahi dute.