GOIERRIKO NEGOZIO BERRIEN FABRIKA IREKI DA GOIEKIREN 25. URTEURRENEAN

Ordizian dagoen Goierriko kanpusak hazten segitzen du etorkizuna bermatzeko helburuarekin

Goieki Garapen agentziak 25 urte bete ditu. Urtemugak bailarako enpresetako eta udaletako ordezkariak eta urte hauetan zeresanik izan duten hainbat goierritar elkartu ditu Ordizian, Goierriko kanpusean, asteazken honetan. Bat egin dute eurekin Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia Industria sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Gonbidatuek eremu honetan eraiki berri den ‘negozio berrien fabrika’, NBF zentroa ere bisitatu dute. Obra amaitu da eta berehala okupatuko dute Goieki agentziak berak, Goierri Valley elkarteak eta inkubategiko enpresa egitasmoek.

NBF eraikina Goierri Eskola, Lortek Teknologia zentroa  eta Ingeneritzako Unibertsitatearen alboan eraiki den enpresa inkubategia da eta 25 enpresa eta 150 langilerentzat tokia egin du. Mallutz poligonoan zegoen Goieki garapen agentzia eta Goierri Valley elkartea ere bertan kokatu dira.  Goierrin 2005 urtean gauzatu zen plan estrategikoaren ondorioz eta eskualdean balio erantsi altua duten ekimen berriak bultzatzeko asmoz, 2007-2011 legealdian jarri zen abian New Business Factory, negozio berrien fabrika-inkubategiaren egitasmoa.

Zailtasun ugari gaindituta

 

Jose Miguel Santamaria alkateak, ‘negozio berrien lantegi’ hau martxan jartzeko 2010.urtean hasi eta  ordutik hona entitate guztientzat izan dituen zailtasunak eta gora beherak gogoratu zituen azaroan obrara egindako bisitan, Madrilen milioi bat euroko laguntzarako akordioa lortu, gobernu berriak eten, helegitea jarri eta auzitegiak Goiekiren alde ebatzita. ‘Bitarte horretan, 2011ko hasieran, Ordiziako Udalak, lursailaren jabeak, eta Goieki Garapen agentziak hitzarmena sinatu zuten lursailaren gaineko azalera eskubidea eta erosteko aukera bermatzeko’, gogoratu zuen alkateak. Azkenean, Madrilgo gobernutik lortutako diru-laguntza 2017 urtean eraikina altxatzen hasteko abiapuntua izan zen.

Helburu nagusia, Goierri eskualdean balio erantsi altua duten ekimen berriak bultzatu eta ondorioz lanpostu kualifikatuak sortzea da, 25 enpresa eta 150 lanpostuei tokia egin da. Bailarako 60 enpresa esanguratsuek sortu duten Goierri Valley elkarteak ere bere indarrak gehitu dizkio enpresa inkubategiari. Eraikinak 2.500 metro koadro ditu, eta bigarren faserako 1.100 metro koadroko espazio erreserba du.

Goierriko Udalek, enpresek eta Goierriko kanpusak, Goierriko Herrien Ekintzak, pauso berria eman dute, bailarako garapena bermatzeko aurreko mendean, krisi garaian, hasitako bideari. Ordiziarrak lekuko.