Udalak 48.000 euro bideratu ditu programarako 2018an

Sei ekintzaile berri atxiki dira ORDIZIA ZABALIK diru-laguntza programaren bosgarren deialdira. Egin diren bost deialdien bitartez, dagoeneko 37 ekintzaile dira programa honen bitartez laguntzak lortzeko aukera izan dutenak.

'Ordizia Zabalik' hiru norabidetan landutako proiektua da. Alde batetik, ekarpen berriztatzaileren bat egin dezaketen negozioak erakartzea, bestetik, dauden behar komertzialei erantzuna eman dentsitate baxua izan dezaketen herriko guneak biziberrituz, eta azkenik, txikizko merkataritzan belaunaldi aldaketari edo jabe aldaketari erantzuna eman. Ulertzen da ere honen bitartez lanpostu berriak sortu eta lokal komertzial hutsak berreskuratzeko baliagarria dela.

Lehen edizioa 2013an aurkeztu eta hurrengo urteetan jarraipena eman ondoren, 2018ko abenduan itxi zen bosgarren deialdi, honen emaitza programari atxikitako beste sei ekintzaile izan delarik. Ekintzaile hauek, diru-laguntza 2018 ekainetik atzeraeraginezko izaerarekin jasotzen ari dira eta bi urteetan zehar lokal komertzialen alokairuko gastuari aurre egiteko baliagarria den diru-laguntza hau jasotzeko aukera izango dute, ondorengo portzentajeekin; lehen urtean udalak %40a (hilean 400€ gehienez) finantzatuko du eta bigarren urtean %25a (hilean 250€ gehienez).

Laguntza jasotzen hasi diren ekintzaile berriak dituzten sei establezimendu komertzialen artean, ondorengo produktu eta zerbitzuak aurkitu ditzakegu: emakume eta gizonezkoen arropak, ile-apaindegiak, hezkuntza kasu berezietako akademia eta ostalaritza.

2013tik programa honen bitartez pausoa eman duten ekintzaileen jarraitutasuna %75a gainditzen du eta 5. deialdi honetako diru-laguntzetara 2018an bideratu zen aurrekontua  46.000 euro da.

2019rako ere egitasmoa indarrean

Laguntza programa honetako azken deialdian baita aurrekoetan ere, oinarri arautzaileak oso antzekoak izanik, programan parte hartzeko eskaera egin nahi izan duten pertsona ekintzaileak ondorengo betekizunei erantzun behar izan diete; negozio proiektu bideragarri bat izatea, dagozkien zergen ordainketa eta gizarte-segurantzakoak eguneratuta izatea, proiektu berriaren egoitza izango den lokalaren jabea dagokion eskaera orria aurrez osatuta izatea, ekintzailearen curriculuma eta jardueraren bideragarritasun plana.

Ordiziako Merkataritza bulegoa, diru-laguntza programa honi 2019an ere jarraipena emateko erabakia hartu du, ekintzaile berriei ez ezik aurretik martxan dauden ohiko merkatariei ere laguntza emateko, azken kasu honetan zerbitzu berriei, hobekuntzei, irudi korporatiboari, marketin edo balio erantsi bat emateko baliagarria izan daiteken edozein proiekturako.

Ordiziako dentsitate komertziala nabarmena izanik (saltokien kopurua 200etik gertu 10.000 inguru biztanleentzat) herriko merkataritza sektorea osatzen duten denda, zerbitzu enpresa eta ostalaritza establezimenduen lehiakortasuna indartu eta jarraitutasuna bermatzeko babesa emango du Ordiziako Udalak.

2019an, 6. deialdiko oinarri arautzaileak zehaztu bitartean, herriko merkataritza sektore osoari eta Ordizian bere negozio ideia aurrera atera nahiko duten ekintzaile potentzialei ere laguntza ematen jarraituko da Merkataritza bulegotik.

     *Argazkian, aurten babestutako ekintzaileak alkatearekin eta arloko zinegotziarekin batera.