Filipinak 6-ko eraikina bota da proiektu berriari tokia egiteko

Ordizian hotela eraikitzeko atzera kontua hasi da, 2016an abiatutako prozesu luze baten ondoren. Filipinak kaleko 6. zenbakiko lurzoruan dagoen eraikina eraisteko lanak astearte honetan hasi dira. Hala, osasun etxe eta gaztetxe izandako eremuan hotela eraikiko da datorren urtean zehar zabaltzeko, oraingoan bisitarien topaleku bilakatuta.

Ordiziak duen behar nabarmena asebete nahi duen proiektua da hotela, Jose Miguel Santamaria alkatearen esanetan. ‘Hainbat sektoretarako onurak ekarriko ditu. Aisia, turismoa, komertzioa eta industria uztartu eta garapen ekonomikorako beste tresna bat izango da, herria dinamizatuko duena’. Herritarrentzat abantailak izango dira eta bisitarientzat ere gehigarri bat izango da: 'berri ona da merkataritzarentzat, azokarentzat, ostalaritzarentzat eta urtean zehar antolatzen ditugun makina bat kultura-, jai- eta kirol-jarduerarentzat. Ona etxekoentzat eta kanpokoentzat’. Era berean, hotelaren eraikinak  herri-guneko sarrerako irudia ‘aldatu, berritu eta freskatuko’ duela azpimarratu du udalburuak.

Ordizia eraldatzen ari da, biziberritze urbanoa  bultzatuz, besteak beste. Proiektu hau da horietako adibidea. ‘Ekimen pribatua da baina egitasmoa Udaletik bultzatu dugu zerbitzu honen behar nabarmena dugulako. Eremu hau proposatu genuen toki aproposa dela pentsatuta’, dio Santamariak. Proposatutako erabilera hau bideratzeko Plan Berezia erredaktatu eta salmentarako prozedura martxan jarri zuen Udalak. ‘Oinarriak jarri genituen gaurtik errealitate bihurtzen hasi den beharra asebetetzeko’. Honekin batera, herri erosoago, modernoago eta erakargarriagoa egite aldera udal gobernua lanean ari dela gogoratu du udalburuak.