Edizio honetan 47 ekoizleen parte-hartzea aurreikusi da

Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak, Ordiziako Udalarekin batera eta txerri-harakin eta harakin gremioaren laguntzarekin, Euskal Herriko XXI. Txistor-Lehiaketa  antolatu du Ordizian datorren asteazkenean, abenduak 19.  Plaza Nagusian, Udaletxeko arkupetan izango da, 10.30etatik aurrera. Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da Santo Tomas jaiaren atarian, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da. Aurten 47 partehartzaile inguru espero da, gehienak Gipuzkoatik, Nafar batzuk eta Arabar bat ere bertan izango delarik.

Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei  erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek  lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko  diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartuko dituzte kontutan.

Epai-mahaia eta sariak

Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakingo dugu zein izango den Euskal Herriko hogeitabatgarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jasoko dute eta  Epaimahaiak, gainera, beste bi diploma emango ditu.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe jatetxea), Maite Retolaza (Oiharte sagardotegia, Zerain), Javier Diaz Zalduendo (Alhambra jatetxea, Iruña); Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia (Ordiziako harakin ohiak), Kontxita Mujika (Ordiziako ostalari ohia), Ramon Roteta (Euskal Sukaldaritza berriaren aitzindaria), Pablo Elizechea (Basque Culinary Center-eko irakaslea), Mikel Zeberio (gastronomo eta irakaslea), Aitor Buendia (Radio Euskadiko “La ruta slow” saioko aurkezlea), Miriam Aranburu (Noticias de Gipuzkoako kazetaria) eta Ainhoa Ibañez (Goierri Telebistako “Onein” saioaren aurkezlea).

Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.

Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta  Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.

Aurreko 15 edizioetako irabazleak:

2003 – Fernando Saralegui (Zumarraga)

2004 – Cristóbal González (Andoain)

2005 – Nicolas Lasa (Ordizia)

2006 – Etxekoa (Oiartzun)

2007 – Carnicería Sebastián (Altsasu)

2008 – Patxi Larrañaga (Lasarte)

2009 – Juan Jose Aldasoro (Altsasu)

2010 – Jose Luis Muñagorri (Tolosa)

2011  - Balentin Odriozola (Azpeitia)

2012  - Balentin Odriozola (Azpeitia)

2013  -Embutidos Etxekoak (Oiartzun)

2014 – Erauskin Harategia (Ataun)

2015 – Precocinados Guesalaga (Zarautz)

2016- Txarri Txiki Harategia (Aia)

2017- Larragueta harategia (Burlata)