Betiko produktuen kontsumoa bultzatzea da lehiaketaren helburua

Gipuzkoako odolki egile eta harakinek hitzordua dute asteazken honetan,  azaroaren 28an,  Ordizian. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak Ordiziako Udalarekin batera eta txerri-harakin eta harakin gremioaren laguntzarekin Gipuzkoako XX. Odolki lehiaketa antolatu baitute. Irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma.

Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira: sukaldarien ordezkari, Amaia Blazquez (Tximista Sagardotegia, Ordizia), Aizpea Oihaneder (Xarma Cook & Culture, Donostia), Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Juan Manuel Garmendia (Kattalin Erretegia, Beasain), Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika  eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), Kontxi Mujika tabernari ohia (Ordizia),  Juanma Garmendia (Euskal Gastronomia Anaiartekoa eta FEGOGAko Lehendakaria), Josetxo Lizarreta  irakaslea (Luis Irizar sukaldaritza eskola, Donostia), eta Nagore Arozena (Goierri Telebista) eta Ariane Vierbücher (Goierriko Hitza) kazetariak.

Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.

Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.

Honez gain, Ordiziako Azokaren 12 produktu 12 hilabete ekimenaren baitan odolkiaren ekoizpen prozesua Plaza Nagusian ikusteko aukera egongo da Juanita Murgiondo baserritarraren eskutik.

Gipuzkoako XX. Odolki lehiaketa

 - OINARRIAK -

1.    Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, Gipuzkoan txikizkako salmentan jarduten duten, harategi, txerri-egile eta odolki egileak, dagokien epigrafe fiskalean alta emanda daudenak eta dagokion osasun baimena eta bere kasuan osasun-erregistroa dutela egiaztatzen dutenak.

2.    Gipuzkoako odolki bezala ulertzen da ondorengo osagaiak soilik dituena: tipula, porrua, odola, txerriaren gantza eta espeziak bere kasuan, guzti hori heste naturalean beteta.

3.    Izen-ematea azaroaren 15ean irekiko da eta azaroaren 23an amaituko da; horretarako ondorengo telefonora deitu beharko dute: 943425557 (Gipuzkoako Harakin eta txerri-egile elkarteko egoitzara), non izena eta helbidea hartuko zaien.

4.    Lehiakide bakoitzak 7 ODOLKI emango dizkio antolakuntzari, hauek mezulari batek jasoko dituelarik.

5.    Epaimahaiak dagozkion dastatze irizpideak erabiliko ditu bere epaia emateko.

6.    Epaimahaia Gastronomia eta ostalaritzan adituak diren pertsonek osatuko dute.

7.    Irabazlea, epaimahaiaren esanetan puntuazio altuena lortu duena izango da eta lehen postua ez da hutsik geldituko.

8.    Antolakuntzak ondorengo sariak emango ditu:

a.    Garaikurra, Txapela eta diploma lehen sailkatuarentzat.

b.    Garaikurra eta diploma bigarren  eta hirugarren sailkatuarentzat.

c.    Diploma laugarren eta bosgarren sailkatuarentzat.

9.    Lehiaketaren data azaroaren 28a izango da (asteazkena), Ordiziako Plaza Nagusian goizeko 10.30tan.

10.  Lehiaketako emaitzari buruzko edozein alegazio edo erreklamazio idatziz egin beharko da, bertan erreklamazioa egiten duenaren izena eta arrazoiak azalduz. Baldintza hauek betetzen ez dituzten erreklamazioak ez dira onartuko.