Udalak bultzatutako ‘Berrikuntza: zure dendaren arrakasta’ proiektuan parte hartu dute

2015eko azaroan Ordiziako Udalak, ieTeam aholkularitza enpresarekin batera, berrikuntza eta hobekuntza proposamenak garatuaz Ordiziako merkataritza sektorea sustatzeko baliagarria izango den proiektu bat aurkeztu zuen.

Lokal hutsak merkataritza jardueratarako berreskuratzea lortzen ari den Ordizia Zabalik diru-laguntza programaren hirugarren deialdiarekin batera, proiektu berri bat aurkeztu zuen Udalak, dendarien eskaerari erantzuna emateaz gain, balio erantsi bat emateko baliagarriak izan daitezkeen ideia berriak edo berrikuntzari lotutako proiektuak bultzatuz ohiko saltokiei aholkularitza eta laguntza emanez. Ekimen hau saltoki parte hartzaileentzat baliagarria izango delarik herrian eta eskualdean erreferente izaten jarraitzeko.

Ordiziako Udalak enpresa eta erakunde desberdinekin elkarlanak burutu ditu herriko sektore komertziala sustatu eta dinamizatzeko. Ordiziako Merkataritza Planean jasotako helburuetariko batekin betetzeko, kontu-sail bat bideratu zuen Udalak berrikuntza eta hobekuntzarekin zerikusia zuen proiektu honentzat eta hiru enpresen artean ieTeam aholkulari enpresari esleitu zitzaion.

 

Bakoitzarekin zuzeneko lanketa

Enpresa hau izan da, Udal Merkataritza bulegoaren gainbegiratzearekin batera, proiektuari forma eman eta dendariekin zuzenean saltokietan bertan lana egin duena, identifikatutako hobekuntza esparruak jorratuaz eta bakoitzaren indar-guneei bultzada bat emanaz, eskariaren ezaugarriak kontutan hartuaz.

Proiektuak bi fase jaso ditu: lehenengo oinarrizko formazio bat jaso zen “Berrikuntza Ordiziako ohiko merkataritzan” tailerraren bitartez, non komunikazioa, segmentazioa, merchandising-a, bezeroari arreta, konpetentziaren behaketa, hornikuntza eta bezeroen kudeaketa landu diren; eta bigarrengo bat non, dendariekin eta dendan bertan, beren garapenerako balio erantsia eskainiko dien informe bat lantzeko aukera emango duen, ideiak errealitate bihurtzeko baliagarri izango den tresna izanik berau.

Establezimendu komertzialean inbertsioren bat egitea, produktuen antolamendua aldatzea, eskaintzen diren zerbitzuen aukera zabaltzea, komunikazio eta irudi korporatiboa hobetzea edo antzerako ekimenak aurrera eramatea buruan zuten dendariei zuzendutako proiektu honetara batu diren saltokiak ondokoak izan dira: Vicuña jantzigintza, Narai haurren moda, Carrion elektratresnak, Mattiren txokoa, Goierriko Nekazal kooperatiba, Ugalde edariak eta Txindoki taberna jatetxea.

Lortutako hobekuntza edo proposamenen artean ondorengoak nabarmendu daitezke: saltokiren baten birposizionatzea, salmenten kontrol edo adierazleen lorpenean hobekuntza, gertuko merkatal gunean hobekuntzak, WhatsApp eta sare sozialen moduko kanal berrien bitartez komunikazioa sustatzea, saltokiko altzari eta produktuen birkokapena, eskaini beharreko zerbitzu berriak eta denda fisikotik online dendara trantsizioa.

 

Ekintzen jarraipena

Dendariek ieTeam enpresarekin egin beharreko elkarlanari emandako harrera eta proiekturen azken balorazioa oso positiboak izan dira, kontutan hartuta saltoki bakoitzaren beharrei erantzunez alor desberdinak lantzeko aukera eman dela. Txostenak dendarien eskutan dauden horretan, ieTeam enpresak eta Udal merkataritza bulegoak jarraipena egingo diete hobekuntza ekintza horiei eta dendariari babesa emango diete hobekuntzak aurrera eramateko garaian.

Ordiziako Udal merkataritza bulegoak eta ieTeam enpresak proiektu hau Ordiziako sektore komertzialari bultzada berri bat emateko baliagarria izango delakoan daude eta herriko zenbait saltokik herrian baita eskualdean ere diferentziatu eta erreferente bihurtzeko aukera izango dutela uste dute.