Ordizian elkartu dira udaletako ordezkariak, artzai, ganaduzale eta Foru Aldundiko zuzendariak lan ildo berri bati hasiera emateko

Eniro-Aralarko Mankomunitatearen ez-ohiko batzarra ospatu da gaur goizean, Ordiziako Barrena jauregian. Mankomunitateko kideak diren hamabost herrietako ordezkariak,  ganaduzale eta artzaiekin bildu dira, Foru Aldundiko bi zuzendariekin batera. Mankomunitatea  Goierriko hamar herri: (Ordizia – Mankomunitateko lehendakaritza -, Beasain, Lazkao, Arama, Altzaga, Itsasondo, Legorreta, Ataun, Zaldibi eta Gaintza) eta Tolosaldeako bost herrik osatzen dute (Amezketa – Lehendakaritza ordea -, Abaltzisketa, Orendain, Baliarrain eta Ikaztegieta).

Enirio-Aralar Mankomunitateak batzorde iraunkor bat sortu du, non mendiarekin muga egiten duten lau herri sartuta dauden (Ataun, Zaldibia, Abaltzisketa eta Amezketa), Ordizia (herri honetako alkatea da presidentea) eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

beharrak eta eskaerak

Batzarrak bi helburu nagusi izan ditu: Batetik, ganaduzale eta artzaiei Mankomunitatearen antolakuntza azaltzea, eta bestetik, larre erabiltzaile hauekin lantalde bat osatzea, hauen beharrak zeintzuk diren identifikatu eta jasotzeko. Hala, ganaduzale eta artzaiek beraien beharrak eta eskaerak plazaratu dituzte batzarrean. Besteak beste: larreen hobetzeak, ur horniduren asetzea, txaboletan konponketak, itxiturak egitea, abereen gaixotasunak ekiditea eta, batez ere, mendi bideen falta. Mendien egoera ere ona ez dela adierazi dute batzarrean. Artzaiek mendian lan egiten dute eta mendiko txabolen erdiak biderik ez izateak euren eginbeharra eragozten du.

Urtarrilaren 2an, egoera guzti hau ezagutzeko mendi ibilaldia antolatu zen Mankomunitatea eta Aldundiako ordezkari batzuekin batera. 2016. urtean zehar aurretik aipatutako arazo horiei aurre egiteko 317.000 euroko hitzarmena sinatu zen duela gutxi bi erakundeen artean. Diru-laguntza horrekin Enirio eta Astarten bi txabola berri eraikiko dira eta Goroskintxun bide berri bat egingo da.

Hitzarmen berezi horretaz gain, 2015. urte bukaeran, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016. urtean zehar Mankomunitatearen inbertsioetarako 200.000 euroko diru laguntza bat onartu zuen. Bi dirulaguntza hauekin, hau da, 517.000 euroko funtsarekin, gauzatuko diren proiektuak gainbegiratzeaz arduratuko da Mankomunitatearen batzorde iraunkor berria.