2015-03-25 oianguBCCudala2Ordiziako Udalak eta Basque Culinary Centerrek sortutako proiektu aitzindari hau hilabete bat barru hasiko da zerbitzua ematen

Ordiziako Udalak eta Basque Culinary Centerrek Ordiziako Oianguren parkeko baserrian jatetxe zerbitzua martxan jartzeko elkarlanean garatzen ari diren proiektua aurkeztu da gaur D'elikatuz zentroan. Hezkuntzan, gastronomian, elikaduran, ingurumenean eta iraunkortasunean oinarritutako proiektu hau Basque Culinaryn 4. Ikasturtea amaitzen ari den ikasle talde batek gidatuko du karrera bukaerako proiektu modura, eta hilabete bat barru martxan jarrriko dela aurreikusten da. Bi aldeak pozik azaldu dira orain urte eta erdi abiatutako proiektu hau egi bihurtuko delako, eta sukaldari gazteen taldeak ere lanean hasteko gogotsu dagoela adierazi du.

Igor Eguren Ordiziako Udaleko alkateak, Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak, Leire Arandia D'elikatuz zentroko zuzendariak eta Iñaki Telleria sukaldari gazteak eman dituzte gaur proiektuaren xehetasunak. Aurkezpenaren aurretik, eta asteazkeneko azoka baliatuz, erosketa batzuk egin dituzte ferian eta herriko komertzioetan, eta aurkezpenaren ondoren dastatu ahal izan dituzte bertaratuek BCCko ikasleek prestatutako mokadutxoak.

Zortzi urterako konpromisoa adostu da
"Egun pozgarria da gaurkoa, bide luzearen ondoren emaitzak ikustea dagokigulako. Ordiziako Udalak eta Basque Culinary Centerrek hitzartu dugun proiektua aurkeztera gatoz. Datozen asteetan Oianguren parkeko baserrian jatetxea irekiko da berriz. Urtetan zerbitzua etenda egon ondoren, parkearen bizigarri izango delako baserria berreskuratu eta jatetxe zerbitzua martxan jartzea erabaki zuen udalak", adierazi du Egurenek.

Alkatearen esanetan, orain urte eta erdi hasi zen udala BCCrekin harremanetan, eta bi erakundeek datozen 8 urteetan elkarlanean aritzeko konpromisoa adostu dute. "Konpromiso honen arabera BCCko 4. ikasturtea amaitzen duten ikasleen artean karrera proiektua Oiangun egin ahal izatea eskainiko da. Ikasle talde bakoitzak sukaldaritza eta kudeaketa lanak egingo ditu urte betez eta urtero lan taldea aldatzen joango gara".

Sukaldaritza berritua eskainiko dute BCCko ikasleek, baina betiko sukaldaritzan oinarritua, eta azokako produktuak eta Goierriko ekoizleen produktuak ardatz hartuta. "Hezkuntzan eta formazioan, elikaduran eta gastronomian eta jasangarritasunean oinarritutako proiektu honetan guztiok hartu ahalko dugu parte. Guztion eskuragarri jarri nahi dugu Oianguko jatetxea, parkea bera bezala. Eskerrak eman nahi nizkioke BCCri, eta esango nuke bi erakundeontzat oso interesgarria dela proiektu hau abiatzea".

Lau ardatz dituen proiektua
Igor Eguren alkateari eta Ordiziako Udalari eskerrak ematearekin batera, Jose Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak adierazi du proiektu honi buruz hizketan hasi zirenean bi alderdiek ikuspegi bera partekatu zutela. Aizegaren esanetan, lau ardatz dituen proiektua da Oiangun sustatu dutena.

1. Gure hezkuntza ereduari erantzuten dio proiektu honek. Gastronomiaren ikuspegi zabal batetik trebatzen ditugu ikasleak. Ekintzailetasuna ere sustatzen dugu, eta gure bost ikasle erabat inplikatuta daude proiektu erreal batean, eta hori berria da denontzat. Zentzu horretan, adibide zoragarria da.
2. Kooperatibismoa. Junior kooperatiba formularen bidez kooperatiba bat sortu dute ikasleek. Guk hori ere bultzatzen dugu, eta Goierrin ere badaude kooperatiban aritzen den enpresa ugari.
3. Gastronomia lurralde baten garapen sozioekonomikorako lagungarri da, eta horren inguruan Ordiziak, D'elikatuzek eta Goierrik bidea egina dute.
4. Azkenik esan, hainbat jatetxe eta sukaldari ere badaudela eskualde honetan. Denon arteko elkarlana ezinbestekoa da Goierriko sukaldaritzari bultzada emateko.

Basque Culinary Centerreko buruak nabarmendu du ikasleek irakasle profesionalen aholkularitza izango dutela. "Oianguko proiektua erronka bat da, ez esperimentu bat. Orain falta zaiguna dena garatzea da".

Ordiziako eskaintza turistikoari ekarpena
D'elikatuz zentroak 10 urte bete berri ditu, eta ildo horretan, Leire Arandia zuzendariak nabarmendu du Oianguko baserrian jatetxea martxan jartzeak Ordiziako eskaintza turistikoari ekarpena egingo diola. "Ordiazara bisitariak erakarriko dituen baliabide berri bat izateaz gain, horrek herriko eta eskualdeko ekonomiari dakarkion onurarekin, Ordiziarrentzat eta eskualdeko biztanleentzat ere kokagune paregabea duen aisiarako espazioan kalitatezko zerbitzu batez gozatzeko aukera izango da, Aralar Parke Naturalera sarbideetako batean eta GR 283 edo Gaztaren ibilbidearen interes gune nagusietako batean".

Azoka eta bertako eta garaiko produktuen sustapena izan du ardatz D'elikatuzek hamar urteotan, eta Arandiaren esanetan, hau guztia balioan jartzeko balioko du abian den proiektuak eta baita Basque Culinary-rekin orain artean izan duten elkarlana sendotzeko ere. "Hainbat helburu komun konpartitzen ditugu, eta Ordizia eta eskualdearen garapenerako tandem polita osatu dezakegula uste dugu. Zorterik onena opa diegu proiektua abian jarriko duten Basque Culinary Center-eko ikasleei eta esan, behar dutenerako hemen izango gaituztela".

Sustraidun gastronomia
Oianguko baserriko jatetxea kudeatuko duen ikasle taldearen izenean, Iñaki Telleriak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkio Ordiziako Udalari aukera hau eskaintzeagatik, eta bereziki Igor Eguren alkateari, "asko lagundu digulako". Aipatu du lagun talde bat osatzen duela jatetxea kudeatuko duen boskoteak, eta "sekulako gogoa" daukatela jatetxea martxan jartzeko, "aukera paregabea" baita ikasitakoa praktikara eramateko. "Gure jatetxeak sustraidun gastronomia eskainiko du, baina pixka bat aldatua, eta publiko guztiarentzat egina izango da", amaitu du.