2015-03-18 delikatuzUrteurrena ospatzeko apiriletik abendura garatuko den programa berezi bat prestatu du

Ordiziako D'elikatuz Elikadura eta Gastronomia zentroak 10 urte bete ditu. Urteurren hori ospatzeko, hainbat jarduera prestatu ditu D'elikatuzek , guztiak ere gastronomiarekin eta elikadura osasungarri eta kalitatezkoarekin zerikusia dutenak. Gaur aurkeztu dituzte ekintzok Igor Eguren Ordiziako alkateak, Leire Arandia D'elikatuzeko zuzendariak eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak.

D´elikatuzek bi egin behar nagusi ditu. Alde batetik Goierrira eta Ordizira datorren bisitariari harrera egitea eta herriko nahiz eskualdeko interes gune berezietara bideratzea. Bestalde, Ordiziako Azokako produktuak ardatz hartuz, bertako produktuen balioa eta kontsumoa sustatzea beti ere elikadura osasungarri baten irizpideak bermatuz.

10 urte hauetan 70.000 pertsonatik gora izan dira bisitan D´elikatuzen, antolaturiko ekintza desberdinetan parte hartu dutenak kontutan izan gabe. D´elikatuzek Goierriko Interpretazio Zentro gisa eta eskualdeko turismo bulego gisa betetzen duen papera kontutan hartzen badegu, pertsona hauek bai Ordizian edo bai eskualdean egonaldia egiteak suposatzen duen ekarpen ekonomikoa garrantzitsua izan da. Ez ekarpen ekonomikoa bakarrik, gizarte harreman arloan ere aberastasun handia ekarri du guzti honek, beti ere kontutan hartuz Goierrin jasotzen dugun turismoa erabat jasangarria dela.

D´elikatuzek Ordizia eta Goierriko mugak gainditu ditu elikadura osasungarriaren eta bertako produktuen sustapenari dagokionez. Horren adibide dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean garatu dugun D´elikatuz Bizi kanpaina eta argitalpenak, edo Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saila eta Hazi korporazioarekin elkarlanean bertako produktuen inguruan landutako argitalpenak, hitzaldiak, elkarlan proiektuak...

Unitate didaktikoak lantzera datozen ikastetxeei dagokionez Gipuzkoa osotik, eta Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldetik ere taldeak jaso ohi ditu.

Azken urteotan Ordiziako Azokaren dinamizazioan egindako lana ere aipagarria da, azoka batzordearen dinamizazioan, komunikazioan, ni ere azokara ekimenean...

Honakoa da urteurren hau ospatzeko urtean zehar garatuko den ekitaldi programa:

Apirilaren 8an ospatuko den Artzain Egunean hasiko den ekimenean, Ordizian asteazkenero egiten den Pintxo potean, hilabeteko lehen asteazkenean Eusko Label eta Jatorri Izendapeneko produktuekin egindako pintxoak izango dira protagonista.

Apirila eta Urrian, Basque Culinary Center-ek eskaintzen dituen Gastronomia Zaleentzako ikastaroak gozatzeko aukera izango dugu D´elikatuzen. Lehenengo ikastaroa apirilak 14 eta 24an izango da 18.00tan D´elikatuzen eta bigarrena urriaren 1 eta 8an ordu berean. Izen ematea derrigorrezkoa da.

Maiatzaren 15ean, maiatzaren 18an ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunaren baitan, "D´elikatuz Gauez", Gastronomia, musika eta museoko bisita uztartuko dituen ekimena antolatu da gaueko 21.00tan.

Goierriko ikastetxeetan DBH 3. eta 4. mailako ikasleen artean "Bertako produktuekin egindako pintxo osasungarrien lehiaketa" antolatu dugu, 2014-2015 ikasturte amaneran eta 2015-2016 ikasturte haseran garatuko dena. Epaimahaikide eskualdeko sukaldari bat, D´elikatuzeko elikadura teknikaria eta irakasle bat izango dira. Ikastetxe bakoitzeko irabazleak Ordizian urriaren 16an jokatuko den finalean parte hartuko dute. Saria, Basque Culinary Center-ek Udan antolatzen dituen"Bculinary udan" sukaldaritza eta gastronomia kanpamenduetan 3 pertsonentzat egonaldia izango da.

Irailean, Ordiziako Euskal Jaien programaren baitan, dastaketa edo erakustaldi gastronomikoa antolatuko da Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiarekin elkarlanean.

Urriaren 16an, Elikaduraren Nazioarteko Egunarekin bat, ekitaldi solidarioa antolatuko da Ordiziako Plazan : Goierriko Ikastetxeen artean antolaturiko Pintxo lehiaketako finala ospatzeaz gain, D´elikatuzekin 10 urte hauetan elkarlanean jardun duten erakunde eta pertsonek parte hartuko dute bertan:

o Gipuzkoa, Goierri Eskualdeko eta Ordiziako sukaldariak.
o Ordiziako Azokako saltzaileak.
o Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.
o Goierriko Artzaiak.
o Goierriko Sagardogile eta txakoligileak.
o Goierriko Museoak

Bertan prestatu eta banatutako Pintxoak (1€tan) helburu solidarioa izango dute.

Gabonetako Azoka Bereziaren baitan Ordiziako Plazan Gaztainondo egurrez eginiko Emakume baserritarrari eskainitako eskultura aurkeztuko da, emakume baserritarrak Euskaldunon elikaduran izan duen papera aitortuz. Beasaingo Javier Arrieta eskultoreak egingo du lana. Aldi berean, azken urteotan elikadura eta gastronomia arloan pertsona edo erakunde batek egindako lana aitortzeko D´elikatuz Bizi saria emango da.

D´elikatuz Zentroak eskerrak eman nahi lizkieke 10. urteurreneko ekitaldi programarako babesa eskeini duten erakundeei: Orkli, s.coop, Ampo, s.coop eta Hazi Korporazioa, baino bereziki Goitur, Goierriko Turismo Agentziari eta bere zuzendaria den Niko Osinalderi, urte guzti hauetan eskeinitako laguntza eta elkarlanagatik.