ODOLKI WEBLehiaketa Ordiziako udaletxeko arkupeetan izango da, 11:00etan hasita

Gipuzkoako odolki egile eta harakinek hitzordua dute bihar, hilak 26, Ordizian. Txerri-harakin eta, oro har, harakinen gremioak Ordiziako Udalarekin batera Gipuzkoako XVI. Odolki lehiaketa antolatu baitute. Irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnei diploma eta garaikurra bana emango zaie; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma.

Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia arloko adituez osatuko da. Aurtengoan, Ordizian izango dira: sukaldarien ordezkari, Aizpea Oihaneder (Xarma jatetxea, Donostia) Joxean Eizmendi (Ilarra Jatetxea, Donostia); Isak Salaberria (Fagollaga jatetxea, Hernani), Juan Manuel Garmendia (Kattalin erretegia, Beasain) eta Imanol Gaztañaga (Zubibi Jatetxea, Ordizia); Jose Antonio Mujika eta Juan Garmendia harakin ohiak (Ordizia), eta azkenik Basque Culinary Center-eko Fernando Barcena eta Pau Rull, irakasle eta Master-eko ikaslea hurrenez hurren.

Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.
Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere

Gipuzkoako XVI. Odolki lehiaketa
- OINARRIAK -
1.- Lehiaketa honetan odolkia barazkiz, hau da Gipuzkoako odolkia egiten duen Euskadiko edozein herritan lizentzia fiskala duen odolki egile txikizkari, txerri-harakin eta harakinek har dezake parte. Beti ere 2. puntuan zehazten dena erabat betetzen badu

2.- Gipuzkoako Odolkia bakarrik honako osagai hauek dituena da: tipula, porrua, odola, txerri gantza eta dagokion espeziak. Eta, noski, dena heste naturala erabiliz.

3.- Izena emateko hil honen 25a (asteartea) baino lehen nahitaez deitu behar dute honako telefono zenbaki hauetako batera: 943.272128 edo 943.27 76 62 (Txerri-harakin eta harakinen gremioaren Donostiako egoitza). Bertan hartuko zaizkio parte hartu nahi duenari izen-abizenak eta helbidea.

4.- Parte hartzaile bakoitzak lehiaketa bezperan BOST ODOLKI emango dizkie antolatzaileei. Harakinen gremioak mezularia bidaliko die parte hartzaileei odolkiak jasotzeko.

5.- Epaimahaiak dagokion dastaketa taula erabiliko du bere erabakia emateko.

6.- Epaimahaia sukaldaritza alorreko adituek osatuko dute.

7.- Irabazlea punturik gehien biltzen dituena izango da eta lehen saria ezin izango da hutsik geratu.

8.- Antolatzaileek sari hauek banatuko dituzte: Lehenengo saria, txapela , garaikura eta diploma. Eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatzen direnek diploma eta garaikurra izango dute. Laugarren eta bosgarrenak diploma

9.- Lehiaketa 2014ko azaroaren 26an da, goizeko 11.00etan, Ordiziako plaza Nagusian.