2014-04-01 cajarural Parte hartzaileek egiten duten kilometro bakoitzeko kilo bat janari bideratuko da Filipinetara

'Udaberrian Martxan' ekimenaren programazioari bukaera emanez, datorren igandean, hilak 6, 'Kilometro solidarioa' izeneko elkartasun ekintza egingo da goiz eta arratsaldez frontoi txikian. Rural Kutxak heldu nahiz haurrentzako bizikleta estatikoak jarriko ditu, eta parte hartzaileek kilometro bat egin beharko dute. Egiten den kilometro bakoitzeko kilo bat janari bideratuko da Filipinetara GKE Gobernuz Kanpoko Erakunde baten bitartez.

Ordiziako udaletxeko batzar aretoan aurkeztu dute gaur 'Kilometro solidarioa' ekimena Belen Maiza Ordiziako Udaleko Gizarte Ongizate zinegotziak, Eñaut Gereñu 'Udaberrian Martxan'-eko koordinatzaileak, Rural Kutxako zonaldeko arduradun Gorka Iturrik eta Caja Rural-Rural Kutxa  txirrindularitza taldeko kirol zuzendari Eugenio Goikoetxeak. Denek ere ekimen solidario honetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, aisialdi garaian ere elkartasun baloreak lantzea posible dela iritzita.

Iturrik azaldu duenez, urte batzuk badira Rural Kutxak ekimen hau martxan jarri zuenetik. "Haurrentzako eta helduentzako bizikletak jartzen ditugu, eta parte hartzaileek kilometro bat egin beharko dute bizikleta estatikoan. Egiten den kilometro bakoitza kilo bat janari bideratzen da erakunderen batera, eta kasu honetan Filipinetara bideratuko dugu". Parte hartzaile guztiei elastiko bana emango diete opari, eta Caja Rural txirrindularitza taldeko autobusa ere inguruan egongo da.

Igandean, goizez nahiz arratsaldez parte hartu ahal izango da ekimen honetan. Goizez 11:30etik 14:30era eta arratsaldean 16:00etatik 19:30era. "Frontoian haurrentzako puzgarriak ere jarriko dira, eta iruditzen zait familia giroan egun pasa polita egiteko aukera ematen duela ekimen honek".

Filipinetara laguntza
Belen Maiza zinegotziak gogoratu du Ordiziako herria Filipinekin senidetuta dagoela, eta ekimen hau antolatzeko aukera suertatu zenean argi zutela laguntza hori Filipinetara bideratuko zela. "Iaz tifoia izan zen, eta larrialditarako laguntza hara bideratu genuen. Orain, GKE baten bidez, igandean sortzen diren elikagai kiloak ere hara joango dira. Herriaren izenean eskerrak eman beharrean nago denoi, pozgarria baita aisialdiaren eta kirolaren bidez elkartasunari keinu hau egitea", nabarmendu du.

Eugenio Goikoetxea taldeko zuzendaria Gaintzako igoera ezagutzen izan da aurkezpenean izan aurretik, eta aldapa "gogorra" iruditu zaio. "Errepide estua, malda oso gogorra... Ikusleentzako polita izango da". Caja Rural-Rural Kutxa talde txikia dela, eta datozen taldeekin eta txirrindulariekin lehiatzea ez dela erraza izango adierazi du Goikoetxeak, baina ez du baztertu etaparen batean ezustekoren bat ematea.