2014-03-06 pintxo2 Datozen bost asteburuetan pintxoa eta Keler garagardoa eskainiko dute Ordiziako 21 tabernak hiru euroren truke

Stock eta Kale-Azokarekin bat eginik, eta Udaberrian Martxan programazioaren barruan, Ordizian Dastatu Pintxoaren I. Ibilbidea egingo da datozen bost asteburuetan. Bihar, hilak 7, emango zaio hasiera lehen edizioari, eta apirilaren 6an bukatuko da. Ordiziako 21 tabernak parte hartuko dute, eta 3 euroren truke, pintxo bat eta 1/3ko Keler botila bat eskainiko dute. Pintxoak prestatzeko aukeratutako produktuak hauek dira: bakailaoa, txahala, txanpiñoiak, odolkia eta Idiazabal Gazta.

Gaur eguerdian egin da Pintxoaren I. Ibilbidearen aurkezpena D'elikatuz zentroan. Eñaut Gereñu Udaberrian Martxan ekimeneko kideak, Xabi Martinez Martinez jatetxeko sukaldariak eta Keler enpresako marketin arduradun Dani Idigorasek hartu dute hitza, eta haiekin batera, Zubibi, Haizpe eta Aldasoro tabernetako ordezkariak izan dira, baita Juan Mari Gereñu ere, Ordiziako Udaleko Sustapen, Garapen eta Komertzio zinegotzia.

Martinezek argitu du asteburu bakoitzean taberna bakoitzak produktu zehatz batekin egindako pintxoak eskainiko dituela. "Posible da nik asteburu honetan bakailaoa eskaintzea, eta beste taberna batek odolkia eskaintzea. Hori tabernari bakoitzak erabakiko du". Martxoaren 7, 8, 9, 14, 15, 16, 21, 22, 23, 28, 29 eta 30ean, eta apirilaren 4, 5 eta 6an egingo da Pintxoaren I. Ibilbidea, ordutegi honekin: eguerdietan 11:00etatik 15.00etara eta arratsaldeetan 19:00etatik 22:00etara.

Ondorengo 21 tabernek eskainiko dute pintxoa eta garagardoa: Aldasoro, Txindoki, Martinez, Pottoka, Leizea, Pias, Olano, Ostadar, Haizpe, Zubibi, Herriko, Kiko Enea, Muñoz, Arantxa, Kantoi, Miami, Kirkil, Koiote, Altamira, Majori eta Pikin.

Kelerreko Idigorasek adierazi du ohorea dela bere enpresarentzat ekimen honetan eta Udaberrian Martxan programazioko beste zenbaitetan laguntzaile izatea, eta herritar guztiak animatu ditu antolatutako ekitaldi honetan eta gainontzekoetan parte hartzera. Asteburuetan egingo den ekimen hau asteazkenetako pintxo-potearekin osagarria da.

2014-03-06 pintxo1