2013-11-04 Txistorra lehiaketaAzken bi edizioetan Balentin Odriozola azpeitiarrak jantzi du txistorgile onenaren txapela

Santomas eguna gertu dagoela iragartzearekin bat, Euskal Herriko XVI. Txistor Lehiaketa jokatuko da datorren asteazkenean, hilak 11, Ordiziako udaletxeko arkupeetan, Gipuzkoako harakin eta urdaitegi-zaleen gremioak udalarekin lankidetzan antolatuta. Txistorra egiten duten profesionalek soilik har dezakete parte lehiaketan, eta produktua haiek egiten dutela egiaztatu beharko dute gainera.

Sei txirikorda txistor aurkeztu beharko dituzte, kilo bat hestebete. Dastaketa 11:00etan hasiko da.

Adituen arabera, txistor ona izateko honako ezaugarriei erreparatu behar zaie: neurria eta homogeneitatea, gustua, txikitze tamaina, giharraren eta koipearen arteko oreka eta ontze puntua, besteak beste. Azken bi urteetan, Azpeitiko Balentin Odriozola izan da, epaimahaiaren iritziz, txistorgilerik onena. Iazko txapelketan Nikolas Lasa harakin ordiziarra laugarren sailkatu zen.

Berrogeitik gora partaide
Iazko ekitaldian 43 izan ziren lehiaketara aurkeztu ziren harakin eta urdaitegi-zaleak (orain bi urte 46). Horietatik 31 gipuzkoarrak ziren, eta 12 nafarrak. Gipuzkoarren artean 11 Goierrikoak ziren: Beasaingoak lau, Ordiziakoak hiru, eta Ataun, Lazkao, Ormaiztegi eta Zumarragako bana. Orio (4), Tolosa (3), eta Ibarra eta Zarautz (bina) izan ziren Gipuzkoako gainontzeko herrien artean parte hartzaile bat baino gehiago izan zutenak.

Nafarroako hamabi parte hartzaileen artean, gehienak Sakanakoak izan ziren: Altsasuko hiru, Lakuntzako bi eta Urdiain eta Olatzagutiako bana. Iruñeko eta Burlatako bina harakinek hartu zuten parte, eta Leitzako batek.

Aurreko ekitaldietan bezalaxe, Ordizia, Goierri eta Gipuzkoa mailako sukaldari ezagunek osatuko dute epaimahaia. Lehenik eta behin, produktuak freskoan duen itxura epaituko dute (eskuz lotua izatea, hestea, lodiera...), eta behin txistorra frijitzean, zaporeari, usainari eta ahogozoari erreparatuko diote.

Informazio gehiagorako eta izena emateko 943 45 96 81-943 27 21 28 (Harakin eta Urdaitegi-zaleen gremioa) edo 943 80 56 30 (Barrena) zenbakietara dei daiteke.