Berdintasuna Irakasleekin bilera1Plangintzak gidatuko du Udalaren Berdintasun politika datozen urteetan

Plangintzak parte hartze prozesu batean du oinarri. Apirilean eta maiatzean barrena zenbait bilera eta formazio saio egin ziren udal teknikariekin eta herri mailan sortutako hiru lan-taldeetako ordezkari eta eragileekin; Gazteria, Gizarte Gaiak eta Hezkuntza, hain zuzen ere. Guztira 50 bat lagun bildu ziren honako talde, erakunde eta elkarteetakoak; Udala, Urdaneta ikastetxea, Oianguren institutoa, Jakintza Ikastola, Osakidetza, Caritas, Herria elkarlanean eta Kimetz elkarteak, AEK, Goierriko Bertsolari eskola, Hitzaro, D´elikatuz eta Gazte Asanblada.

Parte hartze prozesuaren helburua formazioa eskaini, aipatu esparruei buruzko errealitatea aztertu, gogoeta egin eta denen artean berdintasuna lortzeko eraginkorrak izan daitezkeen ekintzak eta estrategiak adostea zen, plangintzaren zirriborroan txertatzeko. Era berean, Berdintasun politikak indartu, pertsonen eta taldeen kohesioa bultzatu eta horiek parekidetasunarekiko duten konpromisoa areagotzea zen asmoa.

Esan bezala, prozesuari esker jaiotako zirriborroa prest dago dagoeneko. Beraz, horretan jardundakoen azken ekarpenak jaso besterik ez da falta dokumentua biribiltzeko.

I. Berdintasun Planaren ekarpenak
Ordiziako Udalean 2009an eman ziren lehen urratsak parekidetasunaren alorrean, egoeraren diagnosia egin eta I. Berdintasun Plana martxan jartzearekin bat. Horren ebaluazioa iazko azaroan egin zen, Elhuyar aholkularitza zerbitzuaren gidaritzapean. Ebaluazioaren arabera, helburuen %82 bete zen, eta plangintzak batik bat honako udal alorretan izan zuen eragina: hirigintza, kultura, gazteria, euskara, kirola eta jaiak. Horrez gain, genero perspektiba politika guztietan eta maila guztietan txertatzeko (mainstreming-a) lehen urratsak eman dira azken urteetan, zeharkotasunaren eta gobernantzaren funtsak ezarriz. Hitz gutxietan esanda: Udalaren barne eraldaketa martxan da.

Udaletik kanpora ere, herri mailan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira mugarri bat ezarriz; berdintasuna lortzeko oinarriak finkatu, harremanak indartu eta lehen egiturak eta sareak sortu dira. Horren adibide nabarmenena Berdintasun Batzordea da, herri mailan esparruko jardunaren koordinatzailearen rola beteko duena.

Datozen lauzpabost urteetako lan ildoak
Planaren ebaluazioak jarraitu beharreko norabidea marraztu zuen. Zertzelada horiek teknikarien eta lan-taldeetako eragileen gogoetekin elikatu dira azken hilabete hauetan gauzatutako parte hartze prozesuan. Berdintasunerako Gutun Europearra eta Emakunderen V. Berdintasun Plana dira plangintza berriaren oinarri, eta aurrekoan bezala, mainstreaming-a, ahalduntzea eta balioen aldaketa, erantzukidetasuna eta emakumeen aurkako indarkeria dira horren zutabe nagusiak.